Koronabirusari aurre egiteko protokoloei buruzko ikastaroa egingo dute bihar ostalariek
Berriz ere ateak zabaldu ahal izateko bete beharreko neurriak irakatsiko dituzte. Ikastaroa bi txandatan banatuko dute.
Irungo ostalariek COVID 19aren protokoloei buruzko ikastaro berezia egiteko aukera izango dute bihar (hilak 7), Irun Aurrera planari, Gipuzkoako Ostalari Elkarteari eta Bidasoa Bizirik-i esker. Konfinamendu luzearen ostean berriz ere ateak zabaltzeko laguntza jasoko dute ostalariek, zer nolako neurriak hartu beharko dituzten irakatsiko dute. Izan ere, datorren astelehenean (hilak 11), hiriko zenbait tabernek irekitzeko baimena izango dute.
Online bidezko doako ikastaroa izango da, hiru ordukoa, eta bi txandatan banatuko dute: 9:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Orotara, 150 lagunek hartu ahal izango dute parte, establezimendu bakoitzeko bi ostalarik. Izena emateko, esteka honetara jo beharko dute interesdunek.
«Ostalaritza eta turismo sektoreko enpresek laneko osasunaren ikuspuntutik COVID-19 gaitzaren ondoriozko arriskuak minimizatzeko hartu beharreko prebentzio neurrien berri emango du ikastaroak, eta aplikatu beharreko neurri mota guztiak jorratuko ditu, hala nola antolaketa neurriak, babes neurri kolektiboak eta babes neurri indibidualak, normaltasun berriranzko trantsizio plan berriaren zehaztapenetara egokituta», azaldu dute udaleko iturriek.