«Pentsiodunak ekonomiaren zikloan oinarrizkoak gara»
Europako Gutun Sozialean, Konstituzioan eta Nazio Batuen Erakundean onartutako giza eta gizarte eskubideak betearaztea eta Osasun Publikoa indartzea exijitu dute Txingudiko Pentsiodunek.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak koronabirusak eragindako larrialdiaren gaineko gogoeta elkarbanatu nahi izan du Bidasoko herritarrekin. Hedabideei bidalitako ohar batean, zenbait eskaera egin dizkiete erakundeei. «Ekonomiaren zikloan oinarrizkoak gara, pentsiodunak egokiak gara gizartearentzat», esan dute.
Aldarrikapen zehatzak bildu dituzte oharrean: Europako Gutun Sozialean, Konstituzioan eta Nazio Batuen Erakundean onartutako giza eta gizarte eskubideak betearaztea, Osasun Publikoa indartzea (beharrezko material eta osasun langileak lan eta soldata baldintza egoki eta duinekin) eta etxez etxeko atentziorako zerbitzu publiko pertsonalizatua bermatzea.
«Exijitu behar dugu adinagatik, bai, adinagatik, baztertu nahi gaituzten jarrera politikoak buka daitezela». Pentsiodunen presioari esker 70 urtetik gorakoek paseatzera ateratzeko eskubidea lortu dutela nabarmendu dute oharrean . «Bi urtetako borrokaren ondoren pentsiodunen mugimenduak, nahiz eta konfinamendua egon den, jarraitu behar du agerikoa izaten eta beren eskubideak aldarrikatzen». Amaitzeko, egoera berri honetan ere arduraz jokatzen ari direla gogoratu nahi izan dute, «beti bezala, eta gure gain hartzen ditugula osasun agintariek aholkuak, COVID 19aren aurkako borrokan laguntzeko. Baina, hori ez da aitzakia, duintasuna eskatu eta gure eskubideak errespeta daitezen».