EH4 lehiaketaren beste jardunaldi bati heldu dio Marlaxkak asteburuan
Euskal Herriko zein atzerriko bederatzi klubetako 123 jokalarik parte hartu zuten denera azken jardunaldian.
Marlaxka Xake Klubeko jokalariak EH4 lehiaketaren jardunaldi berri batean lehiatu dira azken asteburuan. Denera, bederatzi taldek eta 123 jokalarik parte hartu dute jardunaldian, Euskal Herrikoak nahiz atzerrikoak. Marlaxkako kideak zazpigarren postuan kokatu dira.
Gasteizko Martintxo Xake Taldea, Bizkaiko Santurtzi Xake Taldea, Iruñeko Oberena eta Hondarribiko Marlaxka kluben arteko anaitasun txapelketa jokatu zuten Lichess plataforman. Eta horiez gain, Jaengo (Espainia) Marmolejoko Dama Morena, Herrialde Katalanetako Salou Chess Club, Kolonbiako Rhinos-Elite, Argentinako Escuela de Talentos eta Cartagenako (Espainia) Club Deportivo Ajedrez Lapuerta taldeek ere parte hartu zuten online topaketan. Salou Chess Clubeko Arthur Kogan jokalariak jantzi zuen txapela birtuala azkenean.
Marlaxka klubaren webguneak, bestalde, 600.000 bisiten kopurua gainditu duela jakinarazi dute arduradunek, eta jasotako sostenguarengatik eskerrak eman nahi izan dizkiete jarraitzale, zale eta herritar guztiei.