"Kultur leherketa" proposatu du Abotsanitzek
Pilaketa masiborik eragingo ez luketen dozenaka ekitaldi dira proposamenean bildutakoak, eta kultur eragileez gain, merkatariei eta ostalariei laguntza ematea da helburua.
Konfinamenduak eragindako krisiari aurre egiteko Hondarribiko Udalak hartutako neurrien harira, “kultur leherketa” proposatu du Abotsanitzen Udal Taldeak. Jende pilaketarik gabeko ekitaldi sorta da alderdiak proposatukoa, eta kultur emanaldien bitartez, merkataritza eta ostalaritza ere berpiztea da helburua.
Herriko kultur eragileak sektore “kaltetuenetakoa” dela ohartarazi du herri batzarrak, “merkataritza eta ostalaritzarekin batera”. Hori dela eta, aipatutako sektoreei mesede egingo lieken hainbat kultur proposamen egin ditu taldeak, “kulturak ekonomia pizteko gaitasuna duela sinetsita gaudelako”.
Proposamena
Kultur leherketa aurrera eramateko “ekitaldi txiki asko” eta era “askotarikoak” dira Abotsanitzen proposamenean jasotakoak, horien artean, “asko berritzaileak dira, inoiz egin gabekoak, baita egin izan diren beste batzuen moldaketak ere”.
Osasun krisiaren eraginez jende andana biltzeko aukerarik ez dela egongo konsziente dira alderdikideak, eta beraz, “dozenaka ekitaldi izango dira, hainbat programatan banatuta. Ia guztiak ostalaritza eta merkataritza guneetan antolatzekoak dira, baina ez ohiko lekuetan bakarrik, baita ohikoak ez diren beste askotan ere, besteak beste, auzoetan”.
Herriko eragileen parte hartzea aurreikusten du udal taldeak hori guztia aurrera eraman ahal izateko, “bai antolatzaile bezala, bai laguntzaile gisa”. Izan ere, alderdiaren aburuz, herriko eragileen laguntzarik gabe, “ezinezkoa” litzateke proposatzen diren jarduera guztiak burutzea. Amaitzeko, Hondarribiko Udalak ekitaldiak finantzatzea planteatu du Abotsanitzek.