'Itxeki Hondarribia!' planari murrizketak egin izana leporatu dio Abotsanitzek EAJri
"Berehalakotasuna" eta "unibertsaltasuna" desagertu direla testutik salatu du herri batzarrak, eta beraz, hori ez dela udal taldeek adostutako plana adierazi dute alderdiko kideek.
Iragan astean aurkeztu zuen Txomin Sagarzazu alkateak Itxeki Hondarribia! talka plana, eta Abotsanitzek gaur egindako salaketaren arabera, hori ez zen udal talde guztien artean adostutako diru-laguntza programa. “Berehalakotasuna” eta “unibertsaltasuna” desagertu direla Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidalitako testutik jakinarazi du udal taldeak, eta komunikabideen aurrean gezurretan aritzea leporatu diote Sagarzazuri: “Aurkeztutakoa ez da beste taldeekin adostutakoa, ezta herriko eragile ekonomikoekin eginiko bileran azaldutakoa ere”.
Zabaldutako informazioaren arabera, apirilaren 17an onartu zituzten udal talde guztiek familia eta enpresei zuzendutako diru-laguntzak, eta “Abotsanitzek eginiko proposamena izan zen akordioaren oinarria, baina talde guztien arteko lanketaren ondorioz akordio batera iritsi ginen”.
Adostasun horren ezaugarri nagusiak “berehalakotasuna” eta “unibertsaltasuna” zirela zehaztu du udal alderdiak: “Hau da, ezohiko krisi egoera bati aurre egiteko kaltetutako familia eta enpresa edo autonomo guztiei laguntzeko urgentziazko diru-laguntzak ziren, beste erakundeek aurrerago aterako zituztenekin bateragarriak izango zirenak”.
Udal gobernuak akordioa “bere kabuz” aldatu izana deitoratu du Abotsanitzek, batez ere “gaiaren garrantzia eta egoera kontutan izanik”. Hori dela eta, alderdiak ez duela bere burua testu berriarekin identifikatuta ikusten ohartarazi du “diru-laguntzek ez baitituzte jarduera ekonomiko guztiak aintzat hartzen”. Are gehiago, zenbait kasutan diru-laguntzen kopuruak murrizteaz gain, horiek jasotzeko epeak luzatu egingo direla erantsi du.
Programaren aurkezpenak publizitatearekin lotura handiagoa izatea laguntza emateko asmoarekin baino egotzi dio azkenik herri batzarrak EAJren Udal Gobernuari.