Irunek ere Egunean Behin jokoaren berezko liga izango du
Joko arrakastatsuaren liga sortu berri du Aitzondo Irungo Euskara Taldea. Datorren astean hasiko dute liga ofizialki.
Oraindik larrialdi egoera amaitu bitarte aurretik geratzen diren egun eta asteetarako proposamen berri batekin heldu da Irungo Aitzondo Euskara Taldea. Konfinamendu egun luzeak arintzeko asmoz, Egunean Behin joko arrakastatsuaren taldea osatu berri dute Irunen, Irungo Liga zehazki. Datozen egunak entrenamendu gisa erabiliko dituztela iragarri dute, eta datorren astean ekingo diotela lehiari.
Parte hartu ahal izateko, jokoan bertan Taldeak atalean “+” sakatu beharko dute interesdunek, eta Talde batean sartu-ri eman (giltza: ED100B da). «Gonbidatu lagunak, senideak, etsaiak…! Aste batzuetan sariak egongo dira!», diote taldekoek sare sozialetan. Informazio eta xehetasun gehiago, euskara taldearen sare sozialetan aurki daiteke.