[Erreportajea] Euskal wikia elikatzen
Irunekin lotura duten Wikipediako artikuluak sortzeko lehiaketa abiarazi berri du Aitzondo Irungo Euskara Taldeak. Hiriko hizkuntza paisaia birtuala euskaldundu nahi dute.
Konfinamendu egun luzeak arintzeko proposamen berri eta berezi batekin heldu da Aitzondo Irungo euskara taldea. Etxetik bada ere, irundarren euskararen erabilera astintzeko lanean jarraitzen dute tinko, eta, bestelako egitasmoak tartean, datozen asteei begirako lehiaketa bat hasi berri dute: Irun astindu dezagun izeneko online txapelketa.
“Irungo hizkuntza paisaia birtuala euskalduntzea” da, taldeko kide Beñat Muguruzaren arabera, txapelketa telematikoaren asmo nagusia. “Irungo pertsonaia euskaldunak edo euskal giroan ibiltzen direnak ikusezinak izan dira gehienentzat, eta horiek ikusarazi nahi ditugu”, azaldu du. Wikipedia sareko entziklopedia ezaguna baliatuko dute horretarako. Herritar orok hiriarekin lotura daukan leku, talde, pertsonaia edo gertaeren gaineko artikuluak sortzeko aukera izango du bertan. “Edozeini buruzko artikulu bat sor daiteke. Musika talde bati buruzkoa, biografia bat, gertaera historikoren bat… Ahalik eta irekien utzi dugu dena”, gehitu du Muguruzak. Gero, sortutako artikulu guztiak epaitu egingo dituzte Aitzondo taldeko kideek.
Munduko txoko askotan bezala, Euskal Herrian ere erreferentziazko iturri bilakatu da Wikipedia, eta zehaztutako helbururako tresna egokia dela uste dute Aitzondoko kideek. “Wikipedia milaka euskaldunek kontsultatzen dute egunero, bai ikasleek, baita irakasleek ere. Euskarazko Wikipedia oso arrakastatsua da; 350.000 artikulutik gora aurki daitezke, eta 30. postuan dago munduan”. Halere, oraindik ere Irungo hiriaren gaineko”artikulu txukunen falta” sumatu du Aitzondo taldeak Wikipediaren erraietan. Hortaz, hutsune hori elikatzeko baliatu nahi dute ekainaren 30era arteko tartea; ordura arte luzatuko dute Iruni buruzko artikuluak sortzeko lehiaketa.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko zenbait baldintza eta jarraibide ezarri dituzte Aitzondoko kideek. “Informazioaren zorroztasuna” bezalaxe, “euskararen zuzentasuna” ere kontuan hartuko dute; “egokia eta aberatsa” beharko du izan. Gainera, “ekoizpen propioak” hobetsiko dituztela zehaztu du irundarrak. Bitxikeria gisa, koronabirus edo COVID-19 hitzak aipatzen diren aldi oro lanari 0,5 puntu kenduko dizkiotela iragarri dute. Izenburuan bi horietako bat agertzen bada, zuzenean baztertzeko erabakia hartu dute. Eta plagiorik egonez gero, egile iruzurtia automatikoki persona non grata izendatuko du Aitzondok.
Jarraibideez gain, Muguruzak azaldu du emakumeen gaineko sorkuntzak sarituko dituztela, eta baita euskararekin edo euskalgintzarekin nolabaiteko harremana izan duten argitalpenak ere. Atal hori sustatzeko, ideiak botatzen hasiko dira sare sozialen bitartez, jendea zirikatze aldera. “‘Pertsonaia hau ez dago Wikipedian; ez luke egon beharko?’. Horrelako galderak egingo ditugu”, zehaztu du Muguruzak.
Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek irungoeuskarataldea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Euskara taldeak “irundar orori” egin dio deia esperientzia berri honetan euren hondar aletxoa jartzeko: “Wikipedia sendo bat sortzea da egun hauetan euskararen alde egin daitekeen beste gauza txukunetako bat. Lagun batek dioen bezala, une aproposa da pijama kendu gabeko militantzia hori egiteko”, dio, barrez, Muguruzak. Bide batez, datozen egun eta asteetan euskarazko liburu, film eta bestelakoekin gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.
Bi sari ditu lehiaketak: alde batetik, Irungo Bronte liburu dendan erabiltzeko 50 euroko bonua banatuko dute; eta, bestetik, Labore Txingudiren 50 euroko saskia zozkatuko dute.
Proiektu gehiago
Wikipediaren gaineko lehiaketatik harago, Aitzondoko kideek badute datozen aste eta hilabeteei begirako proiektu berririk. Konfinamendu egun luzeei aurre egiteko beste proposamen bat ere eskainiko diete irundarrei: Egunean Behin sareko joko arrakastatsuaren laugarren denboraldia hasi zen astelehenean, eta parte hartzeko deia egin du Irungo euskara taldeak. Bi lehiaketekin zalantzan dagoenak Aitzondoren sare sozialetan aurki dezake lehiaketa horien zein taldearen jardunaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago.