Osakidetzak emandako datuen arabera, Hondarribian ez dute positibo bat bera ere atzeman. Irunen, berriz, hiru jaso dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzoko (maiatzak 1) 20:00etan koronabirusaren gainean dituen datuen berri eman du. Horren arabera, apirilaren 30etik maiatzaren 1era Irunen bakarrik atzeman dituzte positiboak.
Honakoak dira Irungo eta Hondarribiko datu zehatzak (parentesi artean, apirilaren 30eko datuekiko aldea). Bertan agertzen den zenbaki orokorra martxoaren 18tik antzemandako positibo baieztatuen datu metatua da. Litekeena da horietako askok senda-agiria jaso izana. HITZAk ez du jakiterik izan egun kasu horietatik zenbat dauden aktibo.
- Irun: 215 (+3)
- Hondarribia: 38 (=)
Bestalde, Bidasoko Ospitalean zazpi eri daude COVID-19 birusarekin, denak gela arruntetan. Kasu honetan ere ez da igoerarik eman.
BIDASOKO HITZAn, koronabirusaren gaineko albiste guztiak bilduta dauden atal berezia dago. Bertan, Irungo eta Hondarribiko infektatuen bilakaera ere ikus daiteke.
Beheko estekan, Osasun Sailak gaur zabaldu duen txosten osoa ikusteko aukera.