[Erreportajea] Konfinamenduan, ‘telemintza’
Mintzapraktika egin ahal izateko helburuarekin ‘telemintza’ saioak aurrera eramaten ari dira Hondarribiko Mintzalaguneko parte hartzaileak, baita beste hainbat jarduera osagarri ere.
Koronabirusak komunikazio kanalak zeharo aldatu ditu azken asteotan. Senideekin, lagunekin edota lankideekin komunikatzeko ohiko baliabide bihurtu dira bideo deiak, baita eskolak emateko edo bestelako dinamikak aurrera eramateko ere. Eta hori izan da Mintzalaguna egitasmoaren kasua.
Telemintza-ren aldeko hautua egin dute Hondarribiko Mintzalaguneko kideek, Aritz Enparan koordinatzaile eta dinamizatzaileak azaldu duenez. Izan ere, irailetik ekainera gauzatzen dute mintzapraktika bidelagunek eta bidelariek, eta egoera ikusita, orain arte egindako ahalegina gal zezaketela uste zuten. «Gure asmoa zen ea nola jarrai genezakeen mintzapraktika egiten», adierazi du Enparanek.
Hala, brain storming edo ideia zaparradari ekin zioten, eta hasiera batean Whatsapp bidez egin zezaketela pentsatu zuten. Hala ere, arazo batekin topo egin zuten. Izan ere, asko jota lau pertsonek parte har zezaketen aplikazio horren bideo deietan, eta beraz, hasierako ideia alboratu behar izan zuten.
Topagunearen aterkipean egoteak gauzak erraztu dizkiela onartu du koordinatzaileak: «Bilerak egiteko aplikazio berri batekin hasi ginen lanean, eta horrek eman zigun aukera jende gehiagok parte hartu ahal izateko». Hondarribiko Mintzalaguna osatzen duten talde guztiei proposatu zieten ideia, nahi zuenak parte har zezan. Eta bidelarien artean erantzuna orotarikoa izan dela aitortu du Enparanek: «Talde batzuk %100ean daude lanean, bete batzuk %80ean, eta beste batzuk ez dira martxan jarri telemintza-ren kontu honekin».
Erronkaz erronka
Denera, hamabi mintza talde izena emanda daude Hondarribian, eta horiek guztiak modu erregularrean elkartzen ziren itxialdiaren aurretik. Orain, bost lagunek osatutako taldeak direla egokiena zehaztu du dinamizatzaileak, bidelagunaz gain, bost bidelari, alegia. «Ez du merezi jende gehiagok parte hartzea, bestela hitz egiteko txandak gordetzeko zailagoa da. Gainera, gaia ateratzea ere errazagoa da horrela, eta denak hitz egitera animatzea, batzuk oso hiztunak diren arren, beste batzuk ez».
Telemintza martxan jarri ondoren, ekintza osagarriak nola aurrera eraman izan zen dinamizatzaileen hurrengo erronka. «Garrantzi handia ematen diegu ekintza osagarriei», azaldu du Enparanek, «euskaraz hitz egiteko nahia duten euskaltzaleen sarea hedatzeko balio izaten baitu». Hori dela eta, jarduera osagarriak egiteko aukera aztertzeari ekin zioten, eta ildo horretan, San Marko opila elkarrekin jateko hitzordua finkatzea erabaki zuten. Jitsi plataformaren bidez burutu zutela aipatu du Enparanek, «lehiaketa eta guzti, primeran pasa genuen!».
Horrez gain, herenegun, rol jokoak egiteko proba pilotua egin zuten Atopia RPG euskarazko jokoan oinarrituta, eta bestelako ideiak ere bururatu zaizkie parte hartzaileei, hala nola, bingoan aritzea, museoren baten bisita birtuala elkarrekin egitea…
Alde onak eta txarrak
«Baliagarria» iritzi dio koordinatzaileak bideo deien sistemari. «Kristoren aukera eman digu egitasmoarekin aurrera jarraitzeko, bestela ezinezkoa izango litzateke», gehitu du. Dinamikarekin segitzeko aukera eman die, eta bidelariei batez ere mesede egiten diela uste du Enparanek. Egitasmoarekin jarraitu ahal izatea sistema berri honen alderik onena da harentzat.
Horrez gain, aurpegiak elkar ikustearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, «horrela badakizulako denak ondo daudela». Bidelarien artean ere batzuk besteak ikusi ahal izateak lasaitasuna ematen diela esplikatu du dinamizatzaileak, «astero-astero elkartzen dira» eta azkenean, denboraren poderioz lotura pertsonalak sortzen dira haien artean.
Ezaugarri positiboen artean, Mintzalaguna aurrera eraman ahal izateko beste modu batzuk daudela erakutsi ahal izan dutela nabarmentzekoa iruditu zaio Enparani. Eta ez hori bakarrik, alde on dezente antzematen baititu koordinatzaileak egoera berri honetan. Hala, azkenik, egitasmoaren eragin eremua zabaltzeko aukera eskaintzen diela sistema berriak esan du, eta hori interesgarria dela iritzi dio: «Ez da herrian bertan dagoen jendearekin kafe baten bueltan elkartzea astero, beste toki askotan dagoen jendea bideo dei bidez elkartzeko aukera dagoela baizik».
Alde txarrei erreparatuta, eta kontraesankorra dirudien arren, denak «teknologiarekin lotutakoak» direla aitortu du umorez Enparanek, «ez gaude ohituak, ez gu, ezta pertsona helduagoak ere». Eta beraz, denak solasaldirako prest egoteak aurretiko lana eskatzen duela azaldu du, bidelariei banan-banan aplikazioarekin lagunduz.
Hori horrela, itxialdian zehar euskaraz jarduteko aukera ematen die oraindik ere Hondarribiko Mintzalagunak egitasmoko parte hartzaileei, konfinatuta egonda ere, telemintza-n aritzen baitira.