[Erreportajea] Baratzetik, sukaldera
Hondarribiko baserritar produktuen azokaren itzulerak ekoizleen egoera arintzen lagunduko du, betiere udako sasoian salmenta zuzenarekin jarraitzerik badute.
Baserritar produktuek kolorez bete dituzte berriz ere Damarri plaza eta San Pedro kalea, asteazkenero eta larunbatero, hurrenez hurren. Apirilaren erdialdean egin zuen atzera debekuarekin Eusko Jaurlaritzak, eta horren ondotik etorri zen azoka berreskuratzeko Hondarribiko Udalak hartutako erabakia.
Kontent agertu dira ekoizleak azokako salmenta zuzena berreskuratu izanagatik. Aitor Kriado ekoizlea da Hondarribian, eta azokan postua jartzen du astero. Azaldu duenez, haien egoera «kaskarra» izaten da berez udaberrian, eta produktuak merkaturatzeko gunea debekatu izanak egoera larriagotu duela aitortu du: «Azoka moztu eta jatetxeak itxi dituzte, eta nik hiru jatetxetan saltzen nuen».
Ildo beretik mintzatu da Leire Etxaide ekoizle hondarribiarra. Egun batetik bestera azokarik ezingo zutela egin jakinarazi zitzaienean produktuak zuzenean merkaturatzea izango zela arazoa ohartu zen. Areago, merkatua euren salmenta punturik «indartsuena» dela nabarmendu du.
Bi ekoizleak, hirugarren ekoizle batekin, Whatsapp bitartez antolatu ziren salmenta zuzena egiteko, galera ekonomikoak arintzeko eta batez ere, produkturik ez galtzeko. Segituan zabaldu zela mezu hura onartu dute biek, eta asebete agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin.
Udako sasoiaren zain
Udaberria lan handiko sasoia dela bat egin dute Kriadok eta Etxaidek, udako uzta oso garrantzitsua baita urteko egoera ekonomikoan oreka lortzeko. Galerak iraultzeko aukera izango dutela udan zehar uste dute, «azokarekin jarraitzen badugu behintzat bai», gaineratu du Kriadok.
Momentuz, «gerrikoa estutu» beharko dutela uste du Etxaidek, eta udarari begira orain egin beharreko aurreko lan guztia nabarmendu du. Izan ere, Whatsapp bidezko banaketa sistemak uste baino denbora gehiago hartu die ekoizleei, eta horrek «zuzenean baratzeko lana egiten» ez egotearen inpresioa sorrarazi dio Etxaideri. «Denbora gehiago eskatzen du, baina egoerak halako esfortzuak ere eskatzen ditu», gaineratu du.
Lan handiko garaiari aurre egin beharko diote orain ekoizleek galera ekonomikoak mozkin bihur daitezen. Izan ere, azoken debekua ekaina, uztaila edo abuztuan gertatu izan balitz, urtea galduko zutela ziur agertu da Etxaide. Kriadok bat egin du baieztapenarekin, eta «ia urte osoa» udan osatzen dutela aitortu du.
Galerei aurre egiteko beste alternatiba bat ere jaso dutela onartu du Kriadok, baina desadostasuna agertu du proposamenarekin. Izan ere, Uvesco taldeari edota Eroskiri saltzeko aukera eskaini dietela azaldu du. «Ez dakit txarrera eginda dagoen edo borondate onez, zalantzan jartzen dut», adierazi du. Merkataritza gune hauetan eskaintzen zaien prezio baxua kritikatu du ekoizleak, baina horren gainetik, zabaltzen duten ereduaren aurka agertu da.
Itxiera, ezinbestekoa?
Azokak ixtearen erabakiak Eusko Jaurlaritzaren eta zehazki, Hondarribiko Udalaren aurkako kritikak sorrarazi zituen. Udal gobernuak Osasun Sailak zabaldutako gomendioei jarraituz hartu zuen hasieran erabakia, eta Aste Santuaren inguruan iritsi zen Jaurlaritzaren debekua.
Abotsanitz erabakia indargabetzen saiatu zen, eta bitan helarazi zion udal gobernuari azoka berreskuratzeko proposamena, nahiz eta ez zuen erantzun positiborik jaso. Jaurlaritzak atzera egin zuen debekuarekin, eta udal gobernuak apirilaren 18an baimendu zuen berriz ere azoka egitea, osasunerako segurtasun neurri guztiak betearaziz.
Debekua beharrezkoa zen galdetuta, ezetz erantzun dute bi ekoizleek. «Jendea supermerkatuetan pilatzea baimendu dute, eta gureak itxi. Higienearen aitzakia erabili dute gu kanpoan uzteko, baina nik ekoitzitako barazkiak nik ukitzen ditut, edo nire bikoteak, produktua garbitzen dugu, bildu eta zuzenean erosten du bezeroak», azaldu du Kriadok. Supermerkatuen kasuan, biltegietara iritsi arte eta ondoren, zenbat lekutan egon den produktua eta zenbat eskuk ukitu duten galdetu dio bere buruari: «Nik ez diot erabakiari logikarik aurkitzen».
Gainontzeko herrietan aurrera eramaten ari ziren ereduak udal ordezkariei erakusten saiatu zirela azaldu du Etxaidek, neurri bereziak hartuta aurrera atera baitziren. Borondate kontua izan dela iritzi dio Etxaidek: «Jaurlaritzaren debeku zuzenaren ondorioz ulertzen dut azokarik ez egitea, baina horren aurretik bai egin zitekeela uste dut». Harentzat hala demostratzen dute hartutako segurtasun neurriek, azoka «oso modu egokian» muntatuta baitago.
Herritarren jarrera txalotu du ekoizleak, bestalde, eta bezeroen joan-etorriak asebete duela erantsi du: «Ea hemendik aurrera jendea bertako produktuen erosketa zuzena egitera animatzen den».