Larrialdi pediatrikoen arreta zerbitzua berreskuratu du Bidasoa ospitaleak
Larrialdi egoera medio erabaki zuen Osasun Sailak hil honen hasieran presazko arreta zerbitzu pediatrikoa Donostia ospitalera lekualdatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak larrialdi pediatrikoen arreta zerbitzua berrezarri zuen atzo Bidasoa ospitalean. Hondarribiko Udalak zabaldutako informazioaren arabera, hil honen erdialdean helarazi zion Txomin Sagarzazu alkateak gutun bat Nekane Murga Osasun sailburuari zerbitzua berreskuratzearen inguruan galdetuta. Emandako erantzunean zehazten zuen Murgak igandean -hilak 26- zabalduko zutela berriz ere haurrei zuzendutako larrialdi zerbitzua.
Bidasoa ospitaleak eskainitako presazko arreta zerbitzu pediatrikoa egokitzea erabaki zuen hil honen hasieran Osasun Sailak, eta larrialdiak Donostia ospitalera lekualdatu zituen.