Ostegunetan, zinema arkeologikoa etxean
Ostegunetan zinema arkeologikoa etxean Oiasso Erromatar Museoaren ekimenez, FICABen eman dituzten lanak helaraziko dituzte Youtube bidez.
Ostegun honetan hasita, FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan emandako hainbat lanez gozatzeko aukera izango da, etxetik. Izan ere, etxealdia arintzeko Oiasso Erromatar Museoak antolatzen duen zinemaldian izandako lanak herritar ororen eskura jarriko ditu, bere Youtube kanalaren bitartez. Osasun larrialdi egoera bukatu arte jarraituko dute iniziatibarekin.
Egitasmoaren lehen emanaldia hilaren 30ean da (ostegun honetan), 19:00etan. El cobre de los vascos lana emango dute. Giorgio Studerrek zuzendutako lana da, Felix Ugarte elkarteak ekoitzia. Aralarko mendilerroaren gaineko ikus-entzunezkoa da, eta besteak beste, bertako kobazuloen garrantziaz mintzo da. Aralarren bizi izan ziren lehen gizakien erronken berri ere ematen da bideoan.
Dokumentalak hasi aurretik, aditu batek ostegunero bideoaren gaiari eutsiz sarrera bat egingo du.