Liburuaren Nazioarteko Egunerako deialdi berezia egin du liburutegiak
Raymond Queneau idazlearen 'Estilo ariketak' obran oinarrituta, «bideo berezia, parte hartzailea, barregarria eta bateratzailea» grabatzera deitu dituzte herritarrak.
Hondarribiko Udal Liburutegiak gaur apirilak 23 ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi izan du. Konfinamenduak ezarritako mugen gainetik, bertako arduradun eta langileentzat hain berezia den eguna herritarrekin ospatu nahi izan dute, nola, ordea?
Raymond Queneau idazleak argitaratutako Estilo ariketak obra oinarritzat hartuta bideo bat grabatzera deitu dituzte herritarrak: «Bideo berezia, parte hartzailea, barregarria eta bateratzailea». Liburutegitik helaraziko zaie parte hartzaileei testua eta hori baliatuta 30-45 segundoko ikus-entzunezko laburra grabatu beharko dute.
Estilo ariketak lana aukeratu izana ez da ausazkoa izan, haien arabera, hizkuntza ezberdinetan eskuragarri dago, adin ezberdinetako irakurleak aintzat hartzen ditu, eta jolasteko aukera ematen du. Erantsi dutenez, idazlana oinarritzat hartuta «erabiltzaile bakoitzak bere doinua edo bere ekarpena egin zezakeen».
Momentuz, 32 lagunek parte hartu dute deialdian. Liburutegiko arduradunek beren esker ona adierazi nahi izan diete parte hartzaileei «liburutegiarekin zerbait egiteko prest egoteagatik». Jasotako bideoak sare sozialetan zabalduko dituzte eta liburutegiak bere ateak berriz ere irekitzen dituenen bertan jarriko dutela emaitza zehaztu dute.