Jarduera fisikoa sustatzeko proiektua martxan jarri du BATek
Adin guztiei eta maila ezberdinei zuzendutako entrenamenduak etxean egin ahal izateko egokitu ditu klubak.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) etxean jarduera fisikoa sustatzeko proiektua abiatu du. Ariketa ezberdinak proposatuko ditu astero klubak, horiek guztiak etxean egin ahal izateko egokituak. BATeko Youtube kanalean jarriko dituzte interesdunen eskura ikus-entzunezkoak.
Maila ezberdineko jarduerak proposatuko ditu taldeak konfinamendua luzatu bitartean, hala nola, hastapena, erdi-maila eta aurreratua, baita adineko pertsonei zuzendutakoa ere. Klubetik nabarmendu dutenez, ariketa eta plangintza guztiak kirolean adituak diren pertsona kualifikatuek prestatu dituzte, eta beraz, aipatutako maila eta baldintzetan egokituak egongo dira une oro.