Baserritarrek azoka egin ahal izango dute bihar San Pedro kalean
Postutik postura sei metroko segurtasun distantzia gorde beharko dute eta herritarrei maskarak eta eskularruak erabiltzea gomendatu zaie.
Hondarribiko Udalak baserritar produktuen azoka bihartik aurrera berriz ere egingo dela jakinarazi du. Bihar, San Pedro kalean izango dira baserritarrak eta asteazkenean, aldiz, Damarri plazan. Osasun gomendioei jarraituz, postutik postura sei metroko distantzia gorde beharko dute eta herritarrek maskarak eta eskularruak erabiltzeko eskatu du udal gobernuak.
Apirilaren 14ean egin zuen atzera Eusko Jaurlaritzak azoken gaineko debekuarekin, eta hori dela azoka berriz ere egiteko arrazoi nagusia nabarmendu du Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen zinegotziak. «Orain artean bezala, udaletik bertako produktua sustatu eta indartzeko lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dut», erantsi du.