Merkatari eta ostalariak laguntzeko 'Irun etxetik' kanpaina abiarazi dute
Argazki lehiaketa berezia antolatu dute datozen asteotarako. Irabazleek hiriko denda, taberna eta jatetxeetan xahutzeko bonuak jasoko dituzte.
Hiriko merkataritza eta ostalaritzari bultzada bat emateko kanpaina berri bati ekin dio Irungo Udalak. Sare sozialak baliatuz, argazki lehiaketa bat egingo dute astero. Sariak konfinamendua amaitu ostean hiriko denda, taberna eta jatetxeetan erabiltzeko bonuak izango dira.
Irun etxetik izeneko lehiaketa izango da. Funtsean, etxeko balkoi edota leihoetatik ateratako irudiekin lehiatuko dira irundarrak. Parte hartzeko, inprimaki bat bete beharko dute interesdunek, lotura honetan eta bertan argazkia zintzilikatu. Partaide bakoitzak soilik argazki bat aurkeztu ahal izango du.
Argazki onenak 300 euroko bonu bat jasoko du; lau irudi finalistek berriz, 20 eurokoa. Era berean, partaide guztien artean 20 euroko 46 bonu zozkatuko dituztela iragarri dute. Astelehenero irabazleen berri emango dute, udalaren Twitter edo Facebook kontu ofizialetan.