Larrialdi egoeragatik, ezohiko neurriak Bidasoan

Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) neurri ugari hartu behar izan ditu azken aste eta egunotan. Zerbitzu batzuk bertan behera geratu dira, eta beste batzuk ordea, indartu egin dituzte.

Txinzerreko langile bat hondakinen edukiontziak garbitzen.
Larrialdi egoerak Txingudiko Zerbitzuak-en (Txinzer) jarduna ere egokitzera behartu du, ezohiko neurriak hartuz. Covid 19 birusaren hedapenari aurre egiteko neurri ugari hartu dituzte azken asteotan. Zerbitzu batzuk bertan behera utzi behar izan ditu, eta beste batzuk ordea, indartu.
 
Bertan behera geratutako zerbitzuen artean, Irungo Arasoko eta Hondarribiko Akartegiko garbiguneak ixtea erabaki zuten joan den astean, bolumen handiko bilketa zerbitzua geldituz. Halere, hondakinen bilketarekin jarraitzen dute, eta herritar guztiei birziklatzera animatu ditu Txinzer-ek, errefusaren kopurua gutxitzeko asmoz. Bide batez, gogoratu dute erosketak egiteko erabiltzen diren latex zein nitrilozko eskularruak errefusaren edukiontzian utzi behar direla.

Hiria garbi eta desinfektatua mantentzeko ere zenbait neurri hartu dituzte. Esaterako, ur eta xaboi bidezko baldekadaren maiztasuna handitu dute, ur-garbigailuekin zein eskuz. Hipoklorito sodikoarekin ere garbiketak egiten ari direla jakinarazi dute, eta jende asko biltzen den lekuetan (Eskualdeko Ospitale inguruan, Irun eta Hondarribiko anbulatorioetan eta supermerkatu eta janari dendetan) garbiketa indartu dute. Bestalde, markesinak, eskailera mekanikoak eta igogailuak garbitzeko maiztasuna egunerokoa izatera pasatu da, organikoaren edukiontzien estalkiak bezala.

Edateko uraren kalitatea eta segurtasuna une oro bermatuta dagoela diote udaleko iturriek, baina, gogorarazi nahi izan dute arduratsuki erabiltzeko. Komunetik eskuoihal hezerik, janaririk, sendagairik edo bestelako hondakinik ez botatzeko dei ere egin du Txinzer-ek. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.