Bakardadean dauden adineko pertsonak laguntzeko telefonoa indartu du Nagusilanek
Sostengua behar duten adineko pertsonak ezagutuz gero haiekin harremanetan jartzeko eskaria ere luzatu die arloko profesionalei.
Zilarrezko Haria izenpeko iniziatiba indartzeko lanean ari da Nagusilan adinekoen elkartea. Arreta telefonikoa ematen diote programa honen bitartez bakarrik bizi diren adineko pertsonei sostengu emozionala senti dezaten. Hitz egiteko eta entzunak izateko aukera eskaintzen diete era horretan elkarteko boluntarioek beharra dutenei.
Zerbitzu honetara jotzea erraza da gainera, 900 713 771 doako telefonora deitu behar dute interesdunek, izena, abizena eta harremanetarako zenbaki bat utzi beharko dute erantzungailuan. Ahalik eta azkarren kontaktatuko dute elkarteko boluntarioek eskaria egin duen pertsonarekin.
Horrez gain, Nagusilaneko kideek arloko profesionalen laguntza eskatu dute bakarrik dauden pertsonak identifikatzeko. «Hitz egiteko beharra duten adineko pertsonak ezagutzen badituzte gure boluntarioekin harremanetan jartzera animatzen ditugu», azaldu dute boluntarioek. Zentzu honetan, 688 741 451 telefono zenbakira dei dezakete 10:30etik 14:30era, Whatsapp bitartez mezu bat bidali, edo ondoko posta elektronikora idatzi.
Nagusilaneko kideek gogorarazi dutenez, «emozionalki laguntzea eta konfinamendu orduetan solasaldi atsegina izatea» dira Zilarrezko Hariaren helburu nagusiak. Gainera, akonpainamendu guztiak Nagusilaneko boluntarioek egiten dituzte, urteak baitaramatzate bakardadean dauden pertsonei zerbitzua ematen, eta entzuteko eta laguntzeko prestakuntza jaso baitute.