Udaleko webguneari itxura berria eman diote, koronabirusaren gaineko kezkak argitzeko
Koronabirusaren gainean herritarrek dituzten kezka eta galderei erantzuteko atal berezia sortu berri dute.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, udaleko webguneak itxura aldaketa jasan du, koronabirusaren gainean herritarrek dituzten kezka eta galderei erantzuteko asmoz. Birusarekin lotutako bloke berezi bat sortu dute bertan. Hemen lotura.
Honako atalak sortu dituzte: beharrezko zerbitzuak, arreta telefono zenbakiak, garbiketa eta desinfekzioa, zerga eta tasak, Irungo merkatua, boluntario sarea, garraio publikoa eta ‘Irun etxetik’. Gainera, Osakidetzak edota Osasun Ministerioak emandako gomendio guztiak ere bildu dituzte bertan.
Atal nagusietako bat ‘Ohiko galderak’ dela zehaztu dute. Azken astean HAZ zerbitzuko 010 telefono zenbakian jasotako deien harira sortu dute atala. Bertan, birusarekin lotutako galdera komunenak bildu dituzte, eta guztien erantzun zehatzak gehitu.
Udaletik gogoratu dutenez, 010 eta 092 telefono zenbakiek erabilgarri jarraitzen dute, edonolako arazo edo zalantza argitzeko. Era berean, helbide honetara idatziz ere zalantza guztiak argituko dituzte.