Uda Jolasean aurrematrikulazioa astelehenean irekiko du udalak
Larrialdi egoerak baldintzatuko duela programa onartu du Maria Serrano zinegotziak, baina egiteko aukera baldin badago lan guztiak aurretik egitea «ezinbestekoa» dela adierazi du.
Uda Jolas programan aurrematrikulazio epea zabaltzea erabaki du Hondarribiko Udaleko Gazteria departamentuak. Astelehenean hasiko da izena emateko lehen deialdia, Maria Serrano arloko arduradunak azaldu duenez. Larrialdi egoerak uztailean garatzen den programa egitea baldintzatu dezakeen arren, «ezinbestekoa dugu aurretik lan guztiak prest edukitzea», azaldu du zinegotziak.
Izena emateko bi aukera prestatu ditu horretarako udalak: bata, udalaren webgunearen bitartez, eta bestea, Gazteen Zerbitzura deituz 688 728 057 telefono zenbakian. Azken horren ordutegia astelehenetik ostiralera 16:30etik 19.30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara da. Bi aukerak martxan jarri arren, ahal den neurrian Internet bidez egiteko eskaria luzatu die Serranok herritarrei.
Baldintzak
Uda Jolasean parte hartu nahi duten gaztetxoek apirilaren 4ra arteko epea izango dute aurrematrikulazioa egiteko. Haurraren datu guztiak (izena, bi abizenak, jaiotze data, helbidea, telefonoa eta ikastetxea) beharrezkoak izango dira horretarako. Anai-arreba bat baino gehiago izanez gero aurrematrikulazioa bakarka edo taldean egin litekeela zehaztu du Serranok.
Hondarribian bizi diren 2009 eta 2015 urteen artean jaiotako haurrei, eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna dutenei zuzenduta dago programa.
Uztailaren 1tik 30era garatuko da programa, eta 200 neska-mutilentzako lekua izango du. Astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:00etara bitartean aurrera eramango dira jarduerak Bordari Talaia L.H.I ikastetxean (Baserritar Etorbidea, 51), eta kuota 80 eurokoa izango da lehen seme-alabarengatik eta 70 eurokoa bigarrenetik aurrera.