Hondakinak biltzeko zenbait prebentzio neurri martxan jarri ditu Txinzerrek
Covid-19a duten gaixoek eta berrogeialdian daudenek jarraibide zehatz batzuk bete beharko dituzte hondakinen kudeaketan.
Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hainbat prebentzio neurri abiatzea erabaki du Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer). Batetik, tamaina handiko hondakinen bilketa zerbitzua behin-behinean etetea erabaki du, eta beraz, hondakinak kalean uztea debekatuta dago larrialdi egoera amaitu arte. Ildo horretan, garbiguneek soilik profesionalei ematen dietela zerbitzua ere oroitarazi dute. Bestetik, Covid-19an positibo eman duten gaixoek eta berrogeialdian daudenek hondakinak kudeatzeko prozedura zehatz bat jarraitzeko protokoloa martxan jarri dute.
Hori horrela, gaixo daudenen hondakin guztiak poltsa berean sartuko dira, birziklatzeko bereizketarik egin gabe. Poltsa betetzean dagokion moduan itxi eta bigarren poltsa baten barruan sartuko da zaintzaileek erabilitako materialarekin batera (eskularruak, maskarak…). Bigarren poltsa hori etxeko gainontzeko hondakinekin batera hirugarren poltsa baten barruan sartuko da eta egoki itxi ondoren errefusaren edukiontzira bota beharko dela adierazi dute Txinzerretik.
Positiborik eta berrogeialdian ez dauden etxebizitzetan hondakinen bereizketa egokia egiteko eskaria helarazi dute arduradunek, errefusa ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin. Halaber, erosketak egiteko erabiltzen diren latexeko eta nitrilozko eskularruak errefusaren edukiontzira bota behar direla, eta ez ontzien kontainerrera, gogorarazi dute.