Hiriko merkatariak babesteko neurriak eskatu ditu Muganek
Neurri zehatzak proposatu dizkio udalari. «Ez badira proposatutako neurriak hartzen Irungo ekonomiaren hondamendia etorriko da».
Irungo Mugan merkatari, ostalari eta zerbitzu elkarteak hiriko dendariak babesteko neurriak eskatu dizkio udalari, koronabirusak eragindako krisiari aurre egin ahal izateko. «Ez badira proposatutako neurriak hartzen Irungo ekonomiarentzako hondamendia etorriko da. Diru sarrerarik gabe ezin dira kuotak eta zergak ordaindu», adierazi dute elkartetik.
Horregatik, lehenbailehen ondorengo neurriak (hitzez hitz) hartzeko eskaera luzatu diote Irungo Udalari:
- Hiriko denda txikiek azken asteotan egindako lana aitortzea.
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ezabatzea, ur eta zakar zergen ordainketa ezabatzea eta bide publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko ordainketa ezabatzea.
- Etorkizunari begira, hau da, larrialdi krisiaren ondorengo hilabeteei begira jada lanean hastea. Horretarako, merkataritza eta ostalaritza txikia berreraikitzeko plan bat garatzea.
- Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari larrialdi egoera iraun bitartean tasa eta zerga guztien ezabatzea.
- Autonomo eta enpresei Gizarte Segurantzako kuotaren %100a ordaintzeko salbuespena (beti ere gutxienez jarduera %20an jaitsi bada).
- Autonomo eta langileek diru prestazioak erraztea, gutxienez sei hilabetez.
- Hiriko komertzioek alokairuari aurre egiteko aukera izan dezaten kostuaren %100a ordaintzeko laguntza ematea.
- Interesik gabeko kreditu bigunak enpresa eta autonomoentzat eskuragarri jartzea.
- Penalizaziorik gabeko kreditu eta maileguen luzapena.
- Txartela bidez ordaintzeko banku komisioen kostua %0,001-era jaistea.
- Aldi baterako lan erregulazio espedienteak erraztea, dendak behin betiko itxi ez ditzaten.
- Elektrizitatea, telekomunikazioak eta seguruetan fakturak deskontatzea (denda itxita egon den egun kopuruaren zati proportzionala).
- Hornitzaileei egin beharreko ordainketak atzeratzea (itxita pasatu dituen egunen bikoitza).
- Larrialdi egoeran zabalik egon diren dendei laguntza ekonomikoa ematea.