Haserreak beteko ditu bazterrak bihar
Haserre Eguna antolatu du bihar gehiengo sindikalak langileen bizitza erdigunean jar dezatela eskatzeko Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, eta Confebask eta CEN patronalei. Oinarrizkoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko eskatzen ari dira azken asteotan sindikatuak.
Koronabirusak eragin duen osasun larrialdiaren aurrean gobernuak nola jokatzen ari diren ulergaitza egiten zaie. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, lehentasunezkoa ez den jarduera ekonomiko oro bertan behera uzteko eta konfinamendua gogortzeko eskatzen ari da azken asteotan Covid-19a ez zabaltzeko; ez dator baina, halako neurririk erabakiak hartu behar dituztenen aldetik. Asteburua konfinamenduan pasata, ezin da ulertu astelehenetik ostiralera oinarrizkoak ez diren jardueretarako langileek konfinamendua hautsi behar izatea, derrigorrean, eta larriena dena, beren osasuna eta beraien familiena arriskuan jartzea. Ulertu ezin xden bezala, oinarrizkoak diren zerbitzuak eman behar dituzten profesionalek, osasuna bermatzeko beharrezko neurri eta baliabideak ez izatea eskura,
Hori leporatzen ari dira sindikatuak gobernuei, ekonomia bizien aurretik jartzea, eta horri begira Haserre Eguna antolatu dute bihar. Deialdiaren atzean gehiengo sindikala, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru. Oinarrizko zerbitzuetan jarduten duten langileak beren osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari direla, eta hortaz osasuna arriskuan jartzen, eta oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak, lanera joatera behartzen dituztela, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalak beren interes ekonomikoak , langileen osasunaren gainetik jartzen dituztela salatuko dute.
Osasuna arriskuan jartzeaz gain, lanpostuak ere arriskuan jartzen ari direla diote sindikatuek, “Aurreko krisi ekonomikoa langileok ordaindu genuen, eta orain ere guk ordaintzea nahi dute. Hasi dira behin behineko lan prekarioak dituztenak kaleratzen, eta milaka ERTE tramitatu dituzte negoziaziorik gabe, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak interpelazioa egitea Confebask eta CEN patronalei lanpostu guztiak berma ditzaten”.
Lan baldintzak ere arriskuan direla esan dute. ERTEak ezarri dituzten enpresen kasuan, langabezia ordainsaria %100eraino osatzeko eskatuko diete enpresei, ERTEak alarma egoeratik harago ez luzatzea eta krisiaren aurretik zituzten baldintzekin itzultzea lanera exijituko dute.
Hamarnaka eta hamarnaka langileen haserre hori bihar bideratuko dute helburu zehatz batekin, gobernu ezberdinek entzun ditzaten, eta sindikatu eta langileen eskaera, bizitzak erdigunean jartzea, bete dezaten behingoz. Oarsoaldea eta Bidasoan lanean ari direnak deituta daude burrunba egitera, baina baita etxeetan daudenak ere, etxetik lanean, etxetik ikasten, haurren eta helduen zaintzan, edota konfinamendua fin betetzen. Azken horiei 12:00etan balkoi eta leihoetara atera eta burrunba erraldoia egiteko eskatu diete deitzaileek, “ahal eta nahi dutenarekin, entzun dezaten bizitza erdigunean jartzea nahi dugula”.
Lantegietan zein balkoi eta leihoetan egiten dituzuen protesten argazki eta bideoak HITZA-ra bideratzea eskatu nahi dizuegu, horrela oihartzun zabalagoa emateko. Bideoak eta irudiak honako posta elektronikora bidali.