Alokairua ordaintzeko laguntza plan bat proposatu du Elkarrekin Podemosek
Hiriko langile eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko talka plan bat aurkeztu berri du taldeak, guztiek alokairuari aurre egiteko aukera izan dezaten.
Irungo Elkarrekin-Podemos Ezker Anitza taldeak koronabirusari aurre egiteko udalak hartutako neurriak positiboki baloratu arren, neurri gehiago hartzeko beharra nabarmendu du. Zehazki, hiriko langile eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko talka plan bat aurkeztu berri du, alokairuari aurre egiteko aukera izan dezaten.
Lehenik, Bidasoa Bizirikek egun dituen sorkuntza espazioetan alokairurik ez kobratzea proposatu dute, zehazki, Ficoba, Puntal Bizirik eta Arretxe Ugalde eta Zaisa I-eko enpresetan. Era berean, K-Biziak izeneko subentzioak indartu nahi ditu formazio moreak. Hala, aurrekontua bikoiztu nahi dute, azken asteotan euren jarduna murriztu behar izan duten dendei bideratzeko. Gainera, autonomoek ere (K-Biziak-en sartzen ez direnak) laguntza jaso dezaten lanean ari direla zehaztu dute.
Zaisa industrialdeari dagokionez, poligonoan lan egiten duten eta jarduna uztera behartuta ikusi diren enpresei alokairua ez kobratzea proposatu dute.
Amaitzeko, Irunvi-ren eskumenak diren etxebizitzen alokairuen ordaiketan luzamendu bat proposatu dute. Horrekin batera, laguntza bereziak handitu nahi dituzte (egun 250 eurokoak dira), merkatu pribatuan alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko.