Konfinamendua arintzeko zenbait proposamen egin ditu udalak
Udal zerbitzu gehienak itxi arren, aukera berbera eskaintzen ari dira etxetik. Gainera, kultura eta kirolarekin lotutako zenbait egitasmo sortu ditu udalak.
Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoeragatik Irungo udal instalazio eta zerbitzu gehienak itxi behar izan dituzte. Halere, etxetik ere zenbait zerbitzu eskaintzen ari da udala. Ohiko zerbitzuez gain, kultura eta kirolarekin lotutako egitasmo ugari sortu dituzte, egun luze hauek ahalik eta atsegingarrienak izan daitezen.
Udal euskaltegia izan da horren adibide bat. Zuzeneko klaseak bertan behera geratu arren, irakasle eta ikasleek ohiko ikastaroekin jarraitzen dute, online bidez.
Kultura eskaintzari dagokionean, CBA liburutegia internet bidez irakurtzeko aukera eskaintzen ari da eta orain, gainera, filmak eta ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izango dela jakinarazi dute udaletik. Esteka honetan, liburutegiko 30.000 bazkideek milaka sorkuntza eskuragarri izango dituzte, guztiz doan.
Kirola etxetik
Haurrei begira, egitasmo berezi batean ari da lanean udala. Sare sozialak baliatuz, egunerokoan lagungarri izango diren ikus-entzunezkoak sortzeko asmoa dute. Horretarako, haurtxoko eta gaztelekuko sare sozialak baliatuko dituzte. Bideo horietan, ariketa fisikoa edota etxetik egin daitezken jolasak grabatuko dituzte partaideek. 16-25 urte bitartekoei begira ere antzeko egitasmo batean ari dira lanean. Ariketa fisikoa egiten grabatzeko deia egin diete ere bai, sare sozialetan elkarbanatzeko. Horretarako, Bpxport-ek (kiroldegien kudeatzailea) etxean kirola egiteko zenbait ariketa eta gomendio eman ditu, lotura honetan.
Era berean, koronabirusarekin lotutako edonolako larrialdiri erantzuteko, helbide hau herritarren eskura jarri du udalak. Informazio eta xehetasun gehiago, Irungo Udaleko webgunean eskuragarri.