Desinfekzio lanak burutu ditu aldundiak eskualdeko hainbat zentrotan
Covid-19aren hedapena eteteko asmoarekin, Irungo Caser Residencial Anakan eta Hondarribiko Caser Betharram zein Uliazpi zentroetan garbiketa lanak egin dituzte suhiltzaileek.
Suhiltzaileek desinfekzio lanak egin zituzten atzo Irungo Caser Residencial Anaka zein Hondarribiko Betharram zaharren egoitzetan, eta Uliazpi aniztasun funtzionala duten pertsonen zentroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo goizean (hilak 24) zabaldutako zenbaki ofizialen arabera, Covid-19ak jota zeuden hamalau gaixo Anakako egoitzan (horietako bi Donostiako Gurutze Gorriaren Ospitalean daude, larri), beste hiru Betharramen, eta hamabi Uliazpin. Larunbatean amaituko dituzte desinfekzio lanen lehen itzulia.
Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak ohartarazi duenez, garbiketa eta desinfekzio lanen helburua gaixotasunaren «hedapenari aurre hartzea da». Larunbatean bukatuko dituzte garbiketa lanak Gipuzkoako zentro guztietan. Izan ere, lehenik eta behin zentroetako gune komunak, korridoreak, sarrerak, ateak… desinfektatzen dituzte hipokloritoa oinarri duen soluzio bat erabiliz. Logelak enpresa espezializatu batek desinfektatuko dituela jakinarazi dute.
Egoera honen aurrean hainbat neurri biltzen dituen Txoke Plana martxan jarri du diputazioak. Horren baitan Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei eta senideei zuzendutako babes psikosozialerako arreta zerbitzu berezia abiatu du erakunde publikoak. Bihartik aurrera egongo da martxan zerbitzua 900 43 43 43 telefono zenbakian.