Etxeratze agindua ez betetzeagatik hogeita hamabi isun jarri ditu udaltzaingoak
Etxetik ateratzeko baimena baldintza zehatz batzuetara mugatuta dagoela oroitarazi du alkateak, eta aginduak betetzeagatik eskerrak eman dizkie herritarrei.
Orain dela sei egun larrialdi egoera ezarri zenetik 32 isun jarri ditu Hondarribiko Udaltzaingoak, udalak gaur zabaldu duenez. Etxeratze agindua ez betetzeagatik eta arauak ez errespetatzeagatik jarri dituztela isun horiek zehaztu du Txomin Sagarzazu alkateak, eta gogorarazi duenez, «jakina da ezin dela etxetik atera baldintza konkretu batzuetan izan ezik».
Zentzu horretan, Hondarribiko herritarrek erakutsitako «jarrera eta konpromisoa» eskertu nahi izan ditu agintariak, baita udaltzainen «etengabeko lana» ere. Azkenik, «arazo oso larri» honen aurrean «prebentzioa ezinbestekoa» dela nabarmendu du.