Ez soilik handiek, saltoki txikiek ere salmenten gorakada sumatu dute
Larrialdi egoerak erosketen gorakada ekarri du, ez soilik saltoki handietan, baita komertzio txikietan ere. Produktu gutxi batzuk falta direla onartu arren, ez dagoela hornikuntza arazorik adierazi dute.
Erakundeek argi zabaldu dute ez dela produktu eskasiarik egongo, ez dela beharrezkoa kantitate erraldoietan erostea, eta komuneko papera ez dela agortuko. Saltoki handiek banaketa bermatuta duten arren, zein da ordea, establezimendu txikien egoera?
Zuriñe Paz Alde Zaharreko Baratze dendako arduraduna da. Denetarik dagoela adierazi du, eta tarteka produkturen bat falta den arren, ez dagoela harago doan arazorik ohartarazi. Lehen egunetan banaketan egondako kaosa nabarmendu du. Erakundeek saltoki handietan banatzeko agindu zuten, «horiek bermatzen baitute hornikuntza, haien arabera. Komertzial batek esan zidanez, saltoki handiak hornitu ondoren soberan gelditzen zena establezimendu txikiak hornitzeko erabiltzeko agindua zuten».
Zentzu horretan, banaketan jarri nahi izan du fokua Pazek, eta aipatutako komertzialaren jarrera goratu du. «Kamioiak Irunetik bidali beharrean Bilbotik bidali dizkit», adierazi du. Zenbait produktuen ohiko marka aldatu behar izan duela onartu arren, denetarik dagoela nabarmendu du.
Errenteria-Oreretako Fidel Martin Distribuciones Martin banaketa enpresako beharginak onartu du denda txikiek ohikoa baino gehiago eskatzen ari direla. Bat egin du Pazek esandakoarekin, eta hornikuntza enpresek produktu bat faltan dutenean markaz aldatzen joaten direla aitortu du. Hornikuntzarekin arazorik ez dagoela gaineratu du Martinek, baina prozesua moteltzen ari dela zehaztu du: «Zenbait produktu ohi baino beranduago iristen dira».
Solbeseko langileek ere onartu dute lan karga areagotu egin zaiela, eta hasierako egunetako «giro txarra» lasaitzen ari dela. Haien kasuan, ez dutela produktu eskasiarik adierazi dute.
«Denetarik» dago
Herritarren jarrerari dagokionez, denetarik dagoela adierazi dute Solbesen eta Baratzen. Establezimendura sar daitekeen pertsona kopurua murriztu dute bi kasuetan, eta prebentzio neurriak hartu dituzte langileen osasuna babeste aldera, hala nola: segurtasun distantziak, maskarak, eskularruak, pantailak Solbeseko kasuan… Erosleak berriz, hiru taldetan banatu dituzte: neurriak errespetatzen ez dituztenak, tentuz aritzen direnak, eta egoeraren beldur direnak.