[Erreportajea] Marlaxka izpiritua, inoiz baino biziago
Berrogei urtez gizarteratu du Marlaxka Xake Klubak kirol hau Bidasoaldean. Belaunaldi ezberdinetako hamarnaka herritar lehiatzen dira bertan, ondo pasatzeko eta ahalik eta xake onena emateko helburuarekin.
Berrogei urte beteko ditu aurten Marlaxka Xake Klubak. Berrogei urte xakearen zabalpena sustatzen Bidasoaldean; berrogei urte ere gizarteratze lanetan lagunduz. Osasun onean dagoela elkartea onartu du Goio Uriarte entrenatzaileak, «momentuz behintzat bai, dagoen egoera ikusita», erantzun du, umorez.
Ondo ezagutzen du kluba Uriartek. Txikitan hasi zen bertan jokatzen, eta nazioarteko lehietan aritu zen parte hartzen. Denborak aurrera egin ahala, jokalari gaztea unibertsitatera heltzean presidente kargua hartu zuen. 30 urtez mantendu du ardura Uriartek, eta iaz utzi zuen kargua. Entrenatzailea da orain, Xake Eskolako arduraduna, eta tarteka, arbitro laguntzaile gisa ere ematen du bere denbora.
Urte luze hauetan zehar klubean denetarik bizitzea egokitu zaiela aitortu du, momentu «oso onak,» eta «oso-oso txarrak». Parte hartzaile eskasia pairatu du klubak garaiaren arabera, nahiz eta ixteko zorian ez direla inoiz egon adierazi duen: «Beti egon da norbait kluba bultzatzen». Garairik onenetan 90 bat gaztetxo mobilizatzera iritsi zen Marlaxka, eta herriko ikastetxe guztietan eskolak emateko ardura izan zuten klubeko kideek. Gaur egun egoera onean daudela aitortu dute, eta garai batean martxan jarritako «Marlaxka izpiritua» bizirik dirauela baieztatu du Uriartek. Hiru helburu finkatu zituzten izpirituak bizirik jarrai zezan: «Helburu nagusia ondo pasatzea da; bigarrena, ahal den xakerik onena ematea bakoitza bere mailan; eta hirugarrena, lortzen dugun emaitzaren gainetik, esperientziarekin ikastea».
Boxeolarien antzera
Barrutik ezagutzen du xakearen diziplina Uriartek. Xakea kirol «poliedrikoa» dela sinetsita dago. «Ertz asko dauzka», gaineratu du. Gutxiengoak praktikatzen duen kirola dela argi duen arren, lehiakortasuna oso presente dagoela uste du: «Ikerketek diote goi mailako maisuek izaten duten kontsumo energetikoa lehiatzerakoan, boxeolariena antzekoa dela». Zentzu horretan, mundu mailako lehiaketetan parte hartzen duten jokalariek presioarengatik sufritzen duten kontsumo energetikoa «izugarria» dela zehaztu du arduradunak, «kiloak galtzera iritsi daitezke».
Kirolarekin harremandu ohi den lehiakortasun horrez gain, alderdi pedagogikoa nabarmendu du Uriartek. Hezkuntza sistemak berak jorratzen dituen arlo asko ere lantzen dira xakearen bitartez, hala nola, arreta, kontzentrazioa, frustrazioa… «Horregatik da hain tresna berezia», ohartarazi du entrenatzaileak. Hala, xakearen erabilera terapeutikoa goraipatu du arduradunak. Klubean gaitasun ezberdinak dituzten jokalariak aritzen dira lehian: «Gizarteratzeko
eta ondo pasatzeko bide bat da gurea».
Hori horrela, lau maila ezberdinetan lehiatzen diren lau talde daude aurtengo denboraldian Marlaxkan. Gorengo mailako taldeak beste kategoria bat igotzea aurreikusten zuten arren, gauza nahi bezala ez zaiela joan onartu du entrenatzaileak. Ez da larritu, hala ere, erantzunarekin, eta helburuak bete dituztelako kontent agertu da.
Bigarren mailako bi taldeen helburua, bestalde, maila mantentzea zen, nahiz eta horietako batek kategoria mantentzeaz gain, hurrengora igotzeko kanporaketak jokatzen ari den. Beste taldeak, ordea, ziurrenik maila galduko duela zehaztu du Uriartek, baina helburuak beteta, ez duela axola ziurtatu du. Azkenik, gaztetxoek eta adineko jendeak osatutako taldea dago, «ondo pasatzera joaten direnak, lehiaketarekin harremana lortzera».
Lehia baino harago
Hondarribiarrei begira hamaika jarduera antolatzen ditu Marlaxkak urte osoan zehar, besteak beste: Mendelu zein Maddalen auzoko jaietan, eta Erdi Aroko Azokan Bidasoko Eskola Kirola jaialdia; hondar kirolak uda garaian Prebentzio Komunitarioarekin; edota gaztetxo zein adinekoei zuzendutako Aste Santuko, udaberriko, jaietako eta Gabonetako xake jaialdiak.
40. urteurrenari begira ospakizun bereziren bat antolatu nahi dutela iragarri du Uriartek. Momentuz, baina, itxoitera gonbidatu ditu herritarrak. Izan ere, aste honetan egitekoa zen zuzendaritza batzarra eta datorren hilerako aurreikusitako jarduera guztiak bertan behera gelditu dira.