Baserritar produktuen azoka egitea proposatuko du Abotsanitzek
Koronabirusaren aurkako aginduek azoka bertan behera utzi zuten arren, dagozkion babes eta higiene neurriak hartuta merkatua berreskuratu daitekeela uste du udal taldeak.
Baserritar produktuen azoka ohiko moduan egiteko proposatuko du Abotsanitzen Udal Taldeak asteleheneko bozeramaileen batzordean. Establezimendu handi eta txikitan hartutako «babes eta higiene neurrien antzerakoak edo handiagoak hartzea» proposatuko du alderdiak horretarako.
«Ez dauka zentzurik herriko denda eta supermerkatuetan nekazaritza produktuak saltzea, eta gure baserritarrek egin ahal ez izatea», adierazi dute alderdiko kideek komunikabideetara bidalitako oharrean. «Herritarrak ongi ari dira osasun krisiak eragindako murrizketen aurrean erantzuten, eta hori nahikoa berme da merkatua burutu ahal izateko», gaineratu dute.
Hori horrela asteleheneko bozeramaileen batzordean jorratuko dute gaia, eta gainontzeko udal taldeen iritzia eta ekarpenak jaso nahiko lituzketela zehaztu dute, «denon artean formularik egokiena adostu dezagun».
Ondoko neurriak proposatu ditu Abotsanitzek merkatuaren berreskurapenerako:
- Azokaren eremua hesiekin ixtea, eta postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea. Gainera, lurrean zintak jarriko lirateke, bezeroen artean eta bezero eta eroslearen artean gutxienez 1,5 metroko tartea zaintzeko.
- Baserritar bakoitzak bi mahai jarriko ditu, bat produktuentzako eta beste bat txikiagoa pisua, diru-kutxa, poltsak eta desinfektatzailea jartzeko. Mahaiak plastikoekin babestuko dira.
- Baserritarrek eskularru egokiak erabiliko dituzte, eta erosketa bakoitzaren ondoren desinfektatuko dituzte, dendetan eta supermerkatuetan egiten ari diren bezala.
- 65 urtetik gorakoek hesien kanpoan geratu beharko dute, eta Guztion Artean sareko boluntarioak arduratuko dira haien erosketak egiteaz.
Etorkizunera begira bestalde, azoka leku estalian egon beharko lukeela ere iritzi dio udal taldeak, eta horretarako egitura eta kokapen «egokiak» beharrezkoak ditu. Zentzu horretan, lanketa egin dezatela eskatu die gainontzeko udal taldeei «este herrietako zenbait eredu gertutik ezagutzea, eta hirigintza eta arkitekturan adituak diren pertsonen iritziak jasotzea».
Azaroan egindako udal aurrekontuen eztabaidan proposatu zuen Abotsanitzek «gune babestu baterako aukera ezberdinak aztertzea». Oposizioa alde agertu zen arren, EAJren Udal Gobernuak atzera bota zuen proposamena gehiengoa baliatuta.