Krisi egoera arintzeko ahalegina
Zerbitzuen sektorean lan egiten dutenen beldurra agerian gelditzen ari da Hondarribian. Egoerak eragindako ondorioak apaltzeko etxerako zerbitzua eskaintzeko erabakia hartu du Tatapas gastrotekak.
Autonomoen, eta enpresari txiki zein ertainen kezka geroz eta agerikoagoa da. Turismoak utziko duen hutsuneak hainbat arlotan eragingo du Hondarribian, eta noski, ostatuz betetako herrian pairatuko dituzten ondorio ekonomikoen beldur dira dagoeneko ostalariak. Zerbitzuen sektorea kinka larrian egongo da osasun krisia amaitu bitartean, eta horren ondorioz sortutako krisi ekonomikoa irauli arte.
Aste honetako zubia galdu ondoren, itxaropen gehiegirik gabe Aste Santura begira jarri dira ostalariak. Egoera «iluna» dela azaldu dute Tatapas gastrotekako Adur Arrietak eta Taliska Victoria Rebuitek. «Ia bi hilabetez itxi ondoren, orain dela bi aste ireki genuen. Hozkailuak bete eta bete aritu gara denboraldia hasteko, eta bat-batean, berriz ere ixtera behartua ikusi dugu gure burua», azaldu du Arrietak.
Ez da ez ohiko egoera urtarrila eta otsaila artean Hondarribiko tabernek eta jatetxeek oporraldia hartzea, martxoan berriro ekiteko lanari. Aurten, ordea, jokaldia ez da espero bezala atera, eta egoera luzatzearen beldur, etxera banaketa egitea erabaki dute gastrotekako arduradunek. Izan ere, ondorioak arintzeko beharra agerian utzi dute, gazteak dira, eta jatetxearen lehen urteurrena beteko dute aurki, «eta behintzat zortea izan dugu gure langileak langabeziara bidaltzeko aukera izan dugulako».
Donostian etxerako banaketa zerbitzua eskaintzeko erabakia hartu dutela hainbat tabernek adierazi dute, eta ideia hori jarraitzearen aldeko apustua egin dute haiek ere. Hala, janaz gain, garagardoak ere banatuko dituzte bizikleta gainean. «Ez dugu motorrik erabiliko, bizikleta ekologikoa da, eta ondo datorkigu kirol pixka bat egitea» erantzun du umorez Arrietak. Gainera, banaketarako erabiliko dituzten ontziak eta poltsak biodegradagarriak direla zehaztu du.
Prebentzio neurriekin bat
Alarma egoerak ezarritako neurriak errespetatzeko helburuarekin, eskularruak eta maskarak erabiliko dituztela ohartarazi dute kudeatzaileek. Gainera, telefono bidez zehaztuko dute ordainketa txartela bitartez egitea, edo zenbatekoak izango diren kanbioak horiek aldez aurretik prestatu ahal izateko eta beraz, kontaktua ekiditeko.
Ildo horretan, eskariak 18:30etik 21:00etara bitartean egin ahal izango dira 943 386 666 telefono zenbakian edo 650 066 171 Watsapp-aren bidez, eta banaketari 21:00etatik aurrera ekingo diote (soilik Hondarribian). Lokalean bertan ere jaso ahal izango dituzte eskariak interesdunek, barrura sartu gabe eta segurtasun neurri guztiak betez.