Konfinatuta, baina lanera
Konfinamenduaren laugarren eguna bete da gaur, baina konfinamendu hori egunero hautsi behar dute, derrigorrean, hamarnaka eta hamarnaka langileek; batzuek ezinbestekoa delako bere lana gizartearentzat, beste batzuk enpresek ez dutelako erabakirik hartzen, eta gobernuek ez dutelako ezer zehatzik esaten gaiaren gainean.
Ez omen dugu goia jo oraindik. Hala esan dute agintariek gaur. Ikastetxeak ikasleentzat itxita mantentzeko agindua epemugarik gabe luzatu dute gaur bertan, eta arduraz jokatzeko, prebentzio neurriak betetzeko gogorarazten ari dira etengabean, hori delako Covid-19aren zabalpenari ateak ixteko modu bakarra. Konfinamenduaren laugarren eguna bete da gaur, baina konfinamendu hori egunero hautsi behar dute, derrigorrean, hamarnaka eta hamarnaka langileek; batzuek ezinbestekoa delako bere lana gizartearentzat, beste batzuk enpresek ez dutelako erabakirik hartzen, eta gobernuek ez dutelako ezer zehatzik esaten gaiaren gainean.
Langileen osasuna lehenesteko eskatu dute LAB eta ELA sindikatuek, oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro bertan behera uzteko, eta LABek zehazki, gogor salatu du ez Osalan, ez INSL, ez Laneko Ikuskaritza ez direla gai izan aktibitatea gelditzeko kutsatzeko probabilitate larria dagoenean. Errege Dekretua argitaratu du gaur Espainiako Gobernuak eta hainbat neurri iragarri ditu. Horrek ateak zabaldu dizkiela enpresa askori ERTEak Aldi Baterako Enplegu Eteteak deklaratzeko azaldu du Kristina Getek, Oarso Bidasoko LAB sindikatuko arduradunak: “Une honetan produkzioa geldituta dauka Irungo CAFek langileek derrigortuta, akordiora heldu dira enpresarekin orduak berreskuratzeko eta ERTEa eskatuko dute; CB Tailerretan gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean eta ordu poltsatik errekuperatuko dituzte. Lehenengo helburua, eta duten enpresen kasuan ERTEa ezarri aurretik ordu poltsa hori agortzea da”.
Saltoki handietan ere lanean ari dira, “neurriak hartuta” eta elikadura enpresetan berriz, Urkabe-Benetan edota Unialcon kasu, lan zama handia dutela zehaztu du, “izugarria da duten lana eta horietan ere prebentzio neurriak ezarrita ari dira lanean”. Bihar jai eguna izanik, langileen artean boluntarioak eskatu omen dituzte bi enpresa horietan produkzioa ez eteteko, “eskaria bermatu nahi dute”.
Beste lan eremu esanguratsua gurean, Pasaiako Portu Agintaritza; bertan, jarduera presentziala ahalik eta gehien murrizteko neurri bereziak hartu dituztela zehaztu du Getek: “Ez dugu kontrako informaziorik jaso eta enopresa guztietan prebentzio neurriak betetzen ari dira, eta horiek ezin direnean bermatu, ordaindu gabeko baimenak ematen ari dira; gero adostu beharko dute zein modutara itzuliko diren”. Gaurko agertokia ERTEak izango direla argi du, enpresa ertain zein handietan, “sindikatuaren lana orain, langabezia sariarekin langileek jasoko duten %70 hori enpresek osa dezaten eskatzea da %100 arte. ERTE azkarrak izango dira, bost egunean ezartzen direnak, egoeraren larritasunaren aurrean”.
Hainbat informazio garrantzitsu eman du Getek: “Langabezia izan gabe ere eskubidea izango dute ERTEa ezartzen duten enpresetan ari diren langileak hori eskatzeko, eta epez kanpo eskaera eginda ere berdin berdin balioko du; izan ere, kontuan hartu behar dugu saturazioa izugarria izango dela eta soilik telefonoz eta SEPE elektronikoa erabilita egin ahalko dituztela langileek eskaerak. ERTEa amaitzen denean errekuperatuko dute langabezian egondako epe hori langileek, eta enpresek ezingo dute kaleratzerik egin hura amaitu osteko lehen sei hilabeteetan”.
Langabezia sarien ordainketa epeekin ere kezka azaldu du LABeko ordezkariak, “ziurrenik atzeratu egingo dira ordainketak eskaera mordoa helduko delako batera; kobratu bai, baina ziurrenik atzerapenarekin helduko da. Eskaera epea amaituta eginda ere onartuko dela jakin behar dute langileek, eta lasai izan horrekin”.
Gaurko Errege Dekretua atera aurretik ERTEa eskatu duten enpresetako langileek ere izango dute aukera eskaera egiteko, “kasu horietan ere indarrean izango da atzeraeraginezko izaera izango duelako”. Oarsoaldea eta Bidasoako kiroldegietan ezarria dago jada kasu askotan, eta besteetan orain ezarriko dutela aurreratu du Getek, “enpresa ertain eta handietan hala jokatuko dute, txikietan berriz beste bat da egoera”. Kontuak kontu, gizartearentzat oinarrizkoak ez diren lan jarduerak etetea eskatu du, “egoera larria da, eta hala eskatzen du. Langileen osasuna bermatu behar dugu, hori da garrantzitsuena”.
Osasuna bermatzea guztiaren gainetik
Osasuna bermatzea guztiaren gainetik jarri beharra dagoela esan du Jon Urkola ELAko Oarso Bidasoko arduradunak. Bat datoz LAB eta ELA, oinarrizkoak ez diren lan prozesu guztiak eten behar dira. Hori bermatze aldera, neurri ezberdinak proposatu ditu ELAk lantokietan; hala nola, etxetik lan egitea ahalbidetzea, enpresetako aglomerazioak ekiditea, lankide eta bezeroen arteko distantziak bermatzea, banakako babes neurriak bermatzea, eta egoera berezian dauden langileak —haurdun, arnas arazoak, haurrekin harremanak dituzten pertsonak— etxera bidaltzea. Beharrezko neurri horiek betetzen ez diren enpresetan, ekoizpena eteteko erabakiak bultzatuko dituztela legezko prozedurak jarraituta azaldu du Urkolak.
Lau egoera berezi ditu: Alarma egoera ezartzen duen dekretuak zuzenean debekatzen dituen jarduerak — ostalaritza, merkataritza, kirol eraikinak, zinemak…_; horien kasuan oro har ERTEak ari direla ezartzen ezinbesteko arrazoiengatik. “Enpresak ez dira ezer negoziatzeko asmorik erakusten ari, eta aldebakarreko itxierak egiten ari dira, aldi baterako kontratu asko amaitutzat ematen ari dira ostalaritzan adibidez”, salatu du. Dekretuak salbuesten dituen jardueren kasuan, egoera justu kontrakoa dela dio, “lan karga izugarria dute elikagaien salmentan ari diren langileak kasu, eta askotan ez dira beharrezko neurriak hartzen ari langileen osasuna arriskuan jarriz”. Egoera berezian dauden langileak kontuan hartu eta kontratazioa gehitzeko eskatu du sindikatu horrek, baita segurtasuna eta osasun neurriak bermatzeko ere.
Hirugarren talde batean, dekretuak aipatzen ez dituenak kokatu ditu Urkolak —industria, eraikuntza, kimikak, papergintza—, eta kasu horretan tokian tokian eta langileen kohesioaren arabera izaten ari omen da enpresen erantzuna, “enpresa txikietan produkzioari eusten ari dira ahal duten neurrian”. Handietan produkzioa gelditzen ari direla esan du, eta CAF aipatu du, “langileek beraiek exijituta gelditu da bertan behera”.
Laugarren taldean berriz, oinarrizko zerbitzuak edo administrazioa kokatu du. Oarsoaldean eta Bidasoan egoera oso ezberdinak ematen ari direla esan du, “osasun arloa gainezka dago eta dauden bitartekoak eskasak direla esan daiteke. Pribatizazioaren ondorioetako bat da hori”. Zaintza eta etxez etxeko zerbitzuetan ari diren langileak ere enpresa pribatuen menpe daudela esan du, “irabazi asmoa duten enpresa pribatuentzat egiten dute lan, ez dezagun hori ahaztu”. Kasu horietan enpresa pribatuen gabezia argi ikusten dela erantsi du, “langileak babes neurri nahikorik gabe ari dira bitarteko faltagatik edo kostuengatik. Kasu horietan langile horiek beraien osasuna kaltetuta ikusten badute ere zerbitzua ematen jarraitzen dute gaur gaurkoz duten gizarte ardura dela eta. Hemen gure egiteko administrazio publikoari langile horien osasuna bermatzea exijitzea da”.
Sindikal lanetan ari direnak ere aipatu ditu, eta etxera begira jarri da batik bat, “ikusezina bada ere, egoera kontuan hartuta langileen behar guztiei erantzuten jarraitzen dugu, Euskal Herriko hgizartearen alde borrokan, nekaezin”.
Lan ohiturak moldatu
Errenteriarra eta Papresako langilea da Luis Agirre. Lanean ari dira eta enpresa ezarritako prebentzio neurriak betetzen ari dela esan du: “Pasa den ostiraletik protokoloa zorrotza dugu. 250 langile ari dira lanean enpresa horretan, bost taldetan eta txandatan banatuta, “berez nahiko isolatuta egiten dugu lan 12 langiletik gora ez gara aritzen”. Produkzio langilea da, papera egiten du. Ostiraletik zuzendaritzak eta enpresa batzordeak osatutako krisi mahaia martxan dela nabarmendu du. Protokoloan eskuak garbitzea, aurretik hautsarekin lan egiten zutenean erabiltzen zituzten maskarilak jantzita izatea, eskularruak, alkohola eta kotoia tresnak garbitzeko, eta elikagaiak estaltzeko erabiltzen den plastikoa ere eman diete ordenagailuko teklatua eta sagua babesteko, aldageletara ezin dugu batera sartu, “nik neuk hiru ordenagailurekin egiten dut lan, bertatik maneiatzen ditut makinak”.
Koronabirusaren harira ohiturak moldatu behar izan dituzte eta arduraz ari direla horretan dio, “lanera iritsita plastikoak aldatu teklatu eta saguari eta alkoholarekin garbitzen ditugu, baita beste botoiak ere”. Kexu azaldu da jende batek duen utzikeriarekin, langileak ezohiko neurriak hartzen ari diren bitartean eta herritarrak oro har arduraz jokatzen Covd-19a zabaldu ez dadin, joan den igandean 14:00etan lanetik aterata Zumardiko bi tabernetako terrazak lepo ikusi zituelako, Baita Etxeberrietako bat ere, “nik hiru egun neraman lankideengana hurbildu gabe, babes neurriak zorrotz betetzen, eta jendea hain arduragabe ikustea izugarria iruditu zitzaidan. Ez dut ulertzen”.
Ertzaintzak galdetu omen zion igandean nora ote zihoan, “astelehenean bertan enpresak agiri ofiziala egin digu langile guztiei gure lan ordutegiekin. Niri ez didate eskatu, baina Tolosatik datozen bi lankideri bai, eta autoan elkarren ondoan ezin zutela etorri esan zieten, bigarrena atzean eta kopilotoaren eserlekuaren atzean zehazki, joan behar zuela”.
Gaur 22:00etan sartuko da lanera, eta igandearekin alderatuta ez dutela zerikusirik kaleek dio Agirrek, “hutsik daude. Arratsalde txandarekin izan nintzen atzo, eta ez zebilen inor”. Txakurraren aitzakiarekin paseoa ematera ateratzen diren batzuen gainean ere aritu da, “ikusi ditut txakurrarekin atera, hura aske utzi eta beraiek pokemonen bila. Ahaztu zait jokoa ere nahikoa modan jartzen ari da: erosketa egitera joan, etxera itzuli eta berriz ateratzeko porrua erostea ahaztu dut, eta gero esnea, eta gero… Arduraz jokatzeko unea da, denoi dagokigu, eta ez dago aitzakiarik”.