Irungo Udala 2.000 adinekorekin kontaktuan jarri da
Koronabirusaren aurrean, konfinamenduaren eta udalak ezarritako neurrien inguruko lehen balorazioa egin dute.
Irungo Udalak koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien inguruko lehen balorazioa egin du. Gaur bertan bildu da udal koordinazio mahaia, esku artean dituzten datuak aztertzeko. Irungo egoeraren argazki bat ateratzea da udalaren helburu nagusia.
Datuei erreparatuta, dagoeneko Irungo 2.000 adineko (75 urtetik gorakoak) baino gehiagok dei bat jaso dute, zer moduz dauden eta zerbait behar duten jakiteko. Gainera, elikadura edota osasun egoeragatik ere galdetu diete, laguntza beharko balute. Jasotako erantzunen gehiengoa positiboa izan dela nabarmendu dute. Horretarako, Gurutze Gorriako boluntarioen laguntza jasotzen ari dira.
Era berean, biharko jai egunari eta asteburuari begira 010 telefonoa indartzeko apustua egingo dute. 8:00etatik 20:00etara erabilgarri izango da.
Amaitzeko, gogoratu dute udaltzaingoak ere koronabirusari aurre egiteko hartu beharreko neurrien jakinarazpenekin jarraitzen dutela. Kalean dauden herritarrei etxera joateko deia egiten diete, megafoniaz. Supermerkatuetako sarreretan ere kontrol lanak egiten ari dira.