Guztion Artean boluntario sarearekin bat egin du udalak
Eusko Jaurlaritzak abiatutako iniziatiban parte hartzeko interesa duten lagunek, boluntario moduan edo laguntza eskatzaile gisa, telefono bidez eman beharko dute izena.
Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Guztion Artean sarearekin bat egin du Hondarribiko Udalak. Boluntario gisa edo laguntza eskatzaile bezala eman dezakete izena interesdunek. Sarea herritarren erantzun solidarioa bideratzeko tresna bat dela zehaztu du udalak, elkartasuna «ezinbesteko» balorea baita Txomin Sagarzazu alkatearen arabera, «bizi dugun larrialdi egoeran».
Hori horrela, laguntzeko prest dauden herritarrei zuzenduta dago iniziatiba, «beti ere segurtasun gomendioak jarraituz». Parte hartzaileek gutxienez hamazazpi urte izan beharko dituzte, eta gehienez 65, eta 945 222 222 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Laguntza eskatzeko beharrean dauden herritarrak, bestalde, ondoko baldintzak bete beharko dituzte: 70 urtetik gorakoak izan beharko dira, menpekotasunen bat pairatu, sintomarik ez eduki, edota zaintzan lagun dezaketen seniderik ez izan. Kasu horretan ere 945 222 222 telefono zenbakira deitu beharko dute.