Gaztetxea eta Zaldunborda ere izan dituzte hizpide osoko bilkuran
Bi gaiekin lotutako galderak egin zituen Abotsanitzek; bien bitartean, gazte asanbladako kideak eta Zaldunborda Gelditu plataformakoak udaletxeko atarian elkartu ziren eta koplaka egin zuten protesta.
Hondarribiko Udalbatzak orotariko irudiak utzi zituen atzo. Galderen txanda iritsi zenean, Abotsanitzen Udal Taldeko Aitzol Arroyo zinegotziak Zaldunbordako lanen inguruan Higertokik jasotako isunaren gaineko azalpenak eskatu zizkion Txomin Sagarzazu alkateari. Gaztetxea eta gazteen beharrak ere izan zituen hizpide. Bitartean, gazte asanbladako kideak eta Zaldunborda Gelditu plataformakoak protesta egin zuten kanpoaldean.
Zaldunbordako egitasmoari dagokionez, bi galdera helarazi zizkion Arroyok alkateari. Batetik, «proiektuari erantzunik eman al zaion, eta eman baldin bazaio zein erantzun» mota eman den argitzeko eskaria luzatu zuen hautetsiak. Bestetik, «489-583/2020 dekretuen inguruan zertan oinarritu da eskaria bi arau-hauste horiek arinak direla esateko?», galdetu zuen. Eta areago ere jo zuen zinegotziak: «Jakinda lur-betetzea arau-hauste larria bezala kontenplatuta dagoela legean, arau hauste arinen artean zergatik txikiena proposatu?».
Alkateak lehen galderari erantzundakoaren arabera, helegitea jartzeko epea igarotzean dekretu bidez argitaratu eta orduan eramango du gobernu taldeak batzordera. Arau-hauste arinari dagokionez, «prozedura kontua» dela azaldu zuen agintariak, «legezta zitekeen lanak eta hala adierazi zitzaion». Hartutako neurriak legearen barruan kokatuta daudela baieztatu zuen Sagarzazuk.
Erantzunek, baina, ez zuten Arroyo asebete eta «antzeko kasuistika» bizi izan duten hainbat udalerritan «obra prezintatzera» iritsi izan direla ohartarazi zion alkateari.
Gazteen beharrak, zer?
Egiluz jauregia eta Hondarribiko gazteen beharrak ere presente egon ziren atzoko bilkuran. Zentzu horretan, behar horiek asetzeko zein urrats emango zituen udal gobernuak galdetu zuen Abotsanitzeko ordezkariak, batetik; eta tokiko gobernuak eraikina «segurua ez dela» aipatu duen heinean, horren segurtasuna bermatzeko zein neurri hartuko duen argitzeko galdegin zuen, bestetik.
Gazte asanbladak eta udalak egindako lehen bileran bi aldeen arteko harremana zer nolakoa izango zen mahai gainean jarri zuten tokiko gobernuko ordezkariek, Sagarzazuk esan zuenez, «eta adierazi ziguten udalarekin ez zutela harremanik nahi, autokudeaketa zutela ardatz nagusi». Hala eta guztiz ere, «desalojoren bat egongo balitz udaltzainek horretan parte ez hartzeko eskatu ziguten».
Sagarzazuren arabera, Gazte Xaiaren proiektua haien proiektua kudeatzeko baliagarria ez zitzaiela ere komunikatu zieten gazte asanbladako kideek udal ordezkariei. Ildo horretan, hausnarketa egiteko gonbita luzatu zuela udal gobernuak erantsi zuen.
Eraikinari dagokionez, bestalde, «hirigintza planean erabilera erlijiosoa» onartuta daukala zehaztu zuen. Hortaz, gai horrek «lanketa bat beharko duela» aitortu zuen alkateak eta udalak neurriak hartzeko eta legea betetzeko eskatu beharko diola jabeari adierazi zuen.
Gaztetxeko kideak osoko bilkuran parte hartzen saiatu ziren arren, koronabirusaren aurkako neurriak argudiatuta sarrera debekatu zien atean kokatutako udaltzain batek. Bi mugimenduek bat egin zuten kanpoaldean eta elkarrekin protesta egin, koplaka. Udal gobernuko hautetsiak ateratzen ez zirela ikusita, manifestazioan joan ziren batzokiraino.