Hainbat proposamen aurkeztu ditu Zaldunborda Geldituk Batzar Nagusietan
'Outlet' erraldoiaren aurkako argudioen zerrenda eta hainbat proposamen helarazi dizkio plataformak Batzar Nagusiei, «aldundira irits daitezen».
Hondarribia Village outlet erraldoiaren proiektua eten dezaten argudioen zerrenda eraman zuten atzo Zaldunborda Gelditu plataformako ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietara. «Higertoki SLren eta Hondarribiko Udalaren eskrupulu eza ikusita» aurkeztu dituzte proposamenak Batzar Nagusietan, eskaera horiek aldundira lekualdatuak izan daitezen.
Plataformak helarazitako eskaeren artean daude, besteak beste: komertzio txikian eragingo duen inpaktuaren gaineko azterketa independentea; Higertokik egindako zuhaitz mozketa «klandestinoa» legeztatzeko baimena ukatzea; mugikortasun iraunkorrean izango duen eragina ikerketa independente bidez aztertzea; eta Gipuzkoako ekonomia, ingurumen, eta gizarte iraunkor baten aldeko jarrera argia erakustea.
Azkenik, Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduaren lege proposamena dela-eta Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Espainiako administrazioak lankidetza batzordea sortu dutela nabarmendu du plataformak. Zentzu horretan, lege proposamena Auzitegi Konstituzionalera eraman ez dezatela ere eskatu du Zaldunborda Geldituk.