«Udalak hiritarrak informatu eta kontzientziatu behar ditu»
Azken urteotan garapeneko agenda bat eraikitzeko beharra ikusi du EAJk, «egungo belaunaldiei eta batez ere etorkizunekoei bizitza duina bermatzeko».
Irungo EAJ taldeak agerraldia egin du gaur batzokian. Bertan, Xabier Iridoy bozeramailea eta Lander Ugartemendia zinegotzia izan dira. Azken urteotan garapeneko agenda bat eraikitzeko beharra ikusi dute jeltzaleek, «egungo belaunaldiei eta batez ere etorkizunekoei bizitza duina bermatzeko». Hala, Garapen Eraginkorreko Helburuen (GEH) ikuspegia barneratzeaz gain, hiritarrek helburu horiek egoki identifikatzeko modua eta praktikan jartzearen garrantzia zein den jakitea ezinbestekotzat jo dute.
Horregatik dio EAJk erakundeek eta udalek (zein sektore pribatuek eta gizarte zibilek) lankidetzaren bitartez sustatu beharko dituzten helburuak direla GEHak. «Irundarren etorkizuna eta bizi kalitatea hobetzeko aukera baten aurrean gaude; horregatik, gure taldeak, helburu horiek ezartzeaz gain, udalak hiritarrak informatu eta kontzientziatu behar dituela sute du. GEJak ezagutzera eman behar ditu baita hauek dituzten funtzioak azaldu ere», adierazi du Iridoyk.
Era berean, orain dela bost hilabete Jose Antonio Santano alkateak 2019-2022 urteetako eta GEHen ikuspegia jasoko zuen Mandatu Plana laster aurkeztuko zuela gogoratu dute jeltzaleek, eta oraindik ere itxaroten ari direla salatu dute. «Ondo dago GEHak lan tresna gisa erabiltzea, baina, gure ustez, horretaz gain, ezinbestekoa da hauek ezagutzera ematea», gehitu du bozeramaileak.
Ugartemendiak aldiz, gogoratu du irundarrek eta erakundeek oraindik ez dituztela ezagutzen 2030erako sortu diren Garapen Eraginkorreko Helburuak. GEHak behar bezala sustatu eta gizarteratzeko, hiru sozializazio tresna proposatu ditu EAJK: hiritarrei GEHei buruzko informazio kanpaina bat, udalak hiriko erakunde ezberdinei hauei buruzko prestakuntza eskaintzea eta prestakuntza fasea amaitu ondoren, 2030erako Eztabaida Gune bat ezartzea. «Irungo etorkizunerantz begira gaude, hiriaren hobetzearen alde lanean gabiltza, eta herritarren partaidetza, irekia eta gardena bezalako oinarrizko alorrak indarrean jarri nahi ditugu», esaten amaitu du Iridoyk gaurko agerraldia.