Martxoaren 8arekin bat egingo du udal liburutegiak ere bai
Aldarrikapenekin bat egiteko hainbat jarduera antolatu dituzte liburutegiko arduradunek; 'Pikara magazinea'-ren aurkezpena astelehenera atzeratu dute.
Hondarribiko Udal Liburutegiak Martxoaren 8ari «bere tokia» eskainiko diola jakinarazi dute liburutegiko kudeatzaileek aste honetan. Hori dela eta, hainbat jarduera antolatu dituzte eta horien artean gaur egitekoa zen Pikara magazinea-ren aurkezpena astelehenera (hilak 9) arratsaldeko 19:00etara atzeratu behar izan dutela jakinarazi dute.
Bestalde, Zuhaitza Morea eraikiko dute liburutegian eta hostoek idatziak, marrazkiak, artelanak… bilduko dituzte. «Nahi duenak parte hartu ahal izango du, denona izan dadin», adierazi dute antolatzaileek.
Era berean, itsu-itsuan jokoan parte hartzeko aukera izango dute irakurleek. Dinamika hau Martxoaren 8rako berreskuratuko du liburutegiak, eta horren arabera, «guk egindako liburu aukeraketa ezkutatuko dugu, paketeetan bilduko ditugu, kanpoan liburu horrekin lotura duen ideia bat jarriko dugu eta maileguan hartzen duenak ez du jakingo zer eramaten duen. Zer izango da barrukoa?».
Bechdel testean oinarritutako hainbat ikus-entzunezko prestatuko dituzte halaber bideotekan ikusi ahal izateko. Eta azkenik, liburu feministez osatutako Txoko Morea ikusarazi nahi dute liburutegiko langileek eta horretarako, erakusketa bat atonduko dutela aurreratu dute.