Mari Carmen Iruretagoiena: «Arazo ugarirekin tartean, baina proiektua hasi eta bukatu nuen»
Ekintzaile eta borrokalaria, kanpina hutsetik sortu zuela berrogei urte bete dira aurten. Egindako ahaleginari aitortza berezia eskaini dio Emekik Emakumearen Astean.
Emekik Emakumearen Asteko omendu gisa aukeratu zaitu aurten, zergatik?
Ekintzailea izan nintzen eta dirudienez gainontzeko emakumeentzako adibide bat naiz horregatik. Arazo ugarirekin tartean, baina proiektua hasi eta bukatu nuen, eta oraindik ere funtzionamenduan dago. Oso zaila izan zen nik ez nuelako kapitalik, nire senarraren soldata besterik ez nuen, eta hori galtzear ginen ere. Mugako behargina zen, eta langileak kaleratzen ari ziren garai horretan. Azkenean nik ere lan egin behar nuela erabaki nuen. Borroka latza izan zen hasieran, etxeko guztiok lan egiten genuen, soldatarik jaso gabe trukean noski. Aurrezki kutxari ordaindu behar genion eta interesak oso altuak ziren. Berrogei urte pasa dira dagoeneko. Emekiko kideei esan nien nik ez nuela errekonozimendurik merezi, nik ez nuela hori herritarrengatik egin, nire familiarengatik egin nuela baizik.
Nolakoak izan ziren hasierako urte horiek?
1980ko hamarkada zen, eta denak nire senarraren sinadura behar zuen lehenbizi. Egia esaten badizut ez dakit zein momentutan baimendu zitzaigun emakumeoi izapideak eta kredituak guk eskatu ahal izatea. Gu pixkanaka joan ginen kanpina handitzen, goialdean zeuden zelai batzuk bereganatuz. Zati txikiak ziren arren, horiek guztiak elkarrekin guretzako oso garrantzitsuak ziren kanpinaren mapa osatu ahal izateko.
Zergatik erabaki zenuen kanpin bat egitea?
Garai hartan ez zegoelako kanpinik Hondarribian, farolakoa oraindik ez zen existitzen. Hala ere, ez omen nintzen kanpin bat eraikitzen saiatu zen lehenbiziko herritarra, baina ez dakit zergatik, besteek ez zituzten baimenak lortu. Aldaketa politikoa ematen ari zen. Udala gizonek osatutako gestora baten esku zegoen eta bertan Jose Manuel Garmendia zegoen, izugarri lagundu zidan prozesu hartan.
Kontua izan behar da garaiko turismoa Hondarribian oso bestelakoa zela. Etxe handietara joaten ziren udatiarrak zeuden, eta herriko janari denda guztiak haien zain egoten ziren erosketak etxeko atariraino eramateko zain. Gauzak aldatzen joan ziren eta turismoa iberiar penintsulan hazten joan zen. Afrika iparraldeko eta Bosniako gerren ondorioz jendea penintsulan gelditzen zen. Eta gainera, prezio ona eskaintzen genuen. Geroz eta jende gehiagok turismoa egiten zuen eta beraz, denontzako adina eskaintza egotea ezinbestekoa zen.
Borrokalari bat zara?
Amak bost anai-arrebei borrokatzen irakatsi zigun. Gerraren garai gordinenak bizi zituen eta denari aurre egiten zion. Izugarri lan mordoa egin zuen, baina nekaezina zen. Garai zailenetan jendeak daukana baino askoz gehiago ematen duela dirudi.
Hondarribian jaio zinen?
Ez. Zenbait komunikabidetan Madrilgoa naizela publikatu dute, baina hori ez da egia. Nire aitak tinbre eta moneta fabrikan lan egiten zuen, eta leku batetik bestera eramaten zuten. Aita Irungoa zen eta ama Madrilgoa, baina nire jaiotzak Castellon de la Planan –Herrialde Katalanak– harrapatu zituen. 1938an bonbardaketa baten erdian jaio nintzen, eta nire ama gaixoak zaku bat jantzi zidan ez zuelako beste ezer ni jantzi ahal izateko. Bi ahizpa helduago nituen. Hala ere gure ama ni hil egingo nintzela ziur zen. Izan ere, ez zuen ezer jateko eta titia ere ezin zidan eman esnerik ez zuelako. Baratxuri zopak eman behar izan zizkidaten jaioberritan, eta begira, hemen jarraitzen dut. Ez zait hain gaizki joan, ezta?