Genero indarkeria kasuak salatzeko puntu lilak jartzen hasi da Abotsanitz
2018ko kopuruak jasotzen dituzten kartelak dira. Udal gobernuak 2015etik ez dituela indarkeria datuak publiko egin salatu du alderdiak.
2018ko indarkeria matxista kasuen kopuruak islatzen dituzten puntu lilak herrian zehar jartzen hasi da Abotsanitzen Udal Taldea. Horrez gain, udal gobernu taldeak 2015etik ez duela genero biolentziaren gaineko daturik kaleratu ere salatu du herri batzarrak.
«Indarkeria matxistari aurre egin nahi badiogu» datu horiek ezagutaraztea ezinbestekotzat jo du alderdiak. Hala, 2018 urtean 29 indarkeria sexista kasu egon zirela Hondarribian zabaldu dute: 22 bikotekidearen edo bikote ohiaren eskutik, 5 familia barrukoak, eta bi sexu indarkeria kasu.
«Oso larritzat» jo ditu datuak Abotsanitzek eta «Berdintasun Plana lantzen ari garen honetan» kopuruei aurre egiteko Berdintasun arlo propioa eta Berdintasun teknikaria beharrezkoak liratekeela iritzi dio, «ezin baita honelako datuen kontra jardun, egitura sendo eta egonkorrik gabe».