«Feminismoak boterea behar du gure bizitzen eta lurraldeen gain subiranotasuna izateko»
«Kalean zein udalean», politika feministak exijitu eta martxan jartzeko konpromisoa hartu du Irungo EH Bilduk.
Igandeko (hilak 8) Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo EH Bilduk irakurketa propioa egin du. Lehenik, igandeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte irundarrak. «Mugimendu feministarekin batera kalera aterako gara Irunen ere, eta egunerokoan lan egiten jarraituko dugu, kalean zein udalean, esparru eta sektore guztietan politika feministak exijituz eta martxan jarriz».
Feminismoa azken hamarkadetako herri dinamika eta emantzipazioaren aldeko borroka garrantzitsuenetako bat bilakatu dela nabarmendu dute taldeko kideek, «feminismoaren aroaren aurrean gaude», diote. Herri ahalduntzearen, demokraziaren eta subiranotasunaren printzipioak bete daitezen, feminismoa funtsezkotzat jo du koalizio subiranistak. «Feminismoak boterea behar du gure bizitzen eta lurraldeen gain subiranotasuna izateko: estatu bat behar du, bere exijentziei konponbidea ematea ahalbidetuko duen marko politiko eta instituzional bat, Euskal Herritik Euskal Herriarentzat», adierazi dute.
Azken urteetako mobilizazio handietan mugimendu feministak gauzak asko argi eta garbi jakinarazi dituela diote. Besteak beste, guztientzako lan baldintza eta pentsio duinekin aurre egin behar zaiola prekarietateari, zainketa duinak bermatu behar direla, indarkeria matxistak mantentzen dituzten indarkeriak desegin behar direla, genero ikuspuntu duen hirigintza sustatu behar dela, ez baztertzaileak ez diren elkarbizitza ereduak bermatu behar direla, justizia eredu feminista bultzatu behar dela, trantsizio ekologikorako egitasmoak abiarazi behar direla (energia eta elikadura subiranotasunaren bidez), etxebizitzarako guztiontzako eskubidea bermatu behar dela, emakume eta neskentzako beste ahalduntze prozesu espezifiko batzuk sortzea eta toki arlotik erakundeak demokratizatzeko aldaketak proposatzea.