[Erreportajea] Bidasoko squasha, erreferente
Badira zazpi urte eskualdeko squash jokalari batzuek Lur Alai taldea sortu zutenetik. Ordutik gorako joera handia izan du kirolak Bidasoan, eta kanpoan.
Oraindik kirol ezagunegia ez den arren, squashak txoko bat aurkitu du Bidasoan. Futbola, eskubaloia edota saskibaloiaren aurrean beste alternatiba bat badagoela erakutsi du azken urteotan Lur Alai Squash Klubak. Badira zazpi urte kirola herritarren artean zabaltzeko gogor lanean hasi zirenetik, eta klubari esker, gero eta gehiago dira pala hartu eta lau paretetan pilotakadak emateko apustua egiten dutenak. Kirola, Bidasoan eta inguruan behintzat, modan jartzen ari direla esan daiteke.
Hondarribia eta Irungo squash pistetan aritzen zen jokalari talde batek eman zuen kluba sortzeko pausoa, 2013an zehazki. «Hondarribiko bi eta Irungo lau pistak hutsik zeuden garai hartan. Ez da kirol ezaguna Euskal Herrian, eta horrexegatik sortu genuen kluba, kirola herritarren artean zabaltzeko asmoz», azaldu klubeko arduradun nagusi Gorka Arretxek. Kluba Irunera ekartzea erabaki zuten orduan, bertan egoitza eta jarduera nagusiak finkatuz.
Orain, ordea, eskualdeko pista guztiak betetzen direla dio harro Arretxek, egoerari bira emateko gai izan direla. Jokalari asko erakarri dituzte azken urteotan, talde sendoa osatuz. Egun, 64 kirolari aritzen dira Lur Alai taldean, eta urtez urtez «goranzko joera» dagoela nabarmendu du irundarrak. Gainera, Bidasoko mugak gainditzea ere lortu dute. Taldearen erdia irundarrek osatzen dute, eta besteak Hondarribia, Donostia, Errenteria-Orereta, Lasarte, Hendaia, Donibane Lohitzune, Ibarra, Oiartzun eta Hernaniko jokalariak dira. «Hemen, Irunen behintzat, jada ez gara gutxiengo, gure txokoa egin dugu eskualdean», dio, harro, taldeko kideak.
Adin tarteari dagokionenean, Arretxek azaldu du gazte zein helduak gerturatzen direla squash pistetara, baina bereziki 30 urtetik gorakoak aritzen direla. «Gazteenak 20 urte inguru ditu, eta helduenak, berriz, 58», zehaztu du.
Barne ligaxka izan da klubaren arrakastaren gakoetako bat. Hilabetero klubeko bazkideen artean txapelketa moduko batzuk antolatzen dituzte, klubeko kideen arteko harremana estutzeko. «Ligaxka da klubari hegoak eman dizkion jarduerarik garrantzitsuena», azaldu du irundarrak. Barne ligaxkaz gain, Euskal Herriko taldekako txapelketan ere lehiatzen dira Lur Alai taldekoak.
Arretxeren arabera, Gipuzkoako talderik handiena osatzea lortu dute, lurralde osoko erreferente izatera heldu da kluba. Halere, ez dute kirolaren monopoliorik nahi, hori argi dute: «Nahi dugun gauza bakarra da kirola zabaltzea, ahalik eta gehienek proba dezaten, sekula hil ez dadin», gehitu du Arretxek.
Kirola herritarren artean zabaltzeaz gain, eskoletan ere sartzea lortu du Lur Alaik. Hala, urtean bitan, Irungo haur eta gaztetxoek squashean murgiltzeko aukera dutela kontatu du. «Urtero 80 ume inguruk probatzen dute kirola. Guretzat hori oso garrantzitsua da, etorkizuneko ateak zabaltzen dizkiegulako». Gainera, eskolatik kanpo ere pausuak eman dituztela azaldu du. Egun, bestelako eskolaz kanpoko kirolak bezalaxe, bidasoar gazteek squasha ere hauta dezakete, aisia orduetan ere pilotakadak eman ditzaten. «Kirol dibertigarri hau ezagutzeaz gain, haurrei gaitasun fisikoak lantzen laguntzen die squashak, besteak beste, koordinazioa, abiadura, erreakzioa, erreflexuak, punteria eta abar», zehaztu du. Saioa amaitzean gehienak pozik eta berriz ere jokatzeko gogoekin geratzen dela ziurtatu du klubeko arduradunak.
Adinetik harago, herritar guztiak gonbidatu ditu pala hartu eta squash pistara gerturatzera. «Hasteko kirol oso erraza dela esango nuke, edozeini begirakoa, berehala engantxatzen du», dio. Halere, maila hartu bezain laster, estrategia handiko kirola bilakatzen dela azaldu du, oso azkarra, denbora gutxian asko pentsatzekoa. «Normalean xake fisikoa bezala ezagutzen da squasha».
Pista hutsik ez
Azken urteotan kirolak izan duen gorakadari esker, Irun eta Hondarribiko pistak preziatu bilakatu dira. Horregatik, squash pistak dituzten herrietara ere zabaldu nahi dute kluba, taldeko zenbait kidek —eta edozeinek— etxetik gertu aukera berbera izan dezaten. Lehen deialdia Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegiari egin diote, bertako bi pisten erabilera sustatzeko elkarlana eskaini die Lur Alai klubak. «Errenteria eta inguruan squash jokalari asko daude eta Irunera etorri behar izaten dute». Horregatik prest azaldu dira bertan txapelketak eta ligak antolatzeko. Halere, salatu dute kiroldegiaren erantzunik ez dutela jaso oraindik, eta udalaren aldetik ere pausorik ez dela eman. «Eskaintza honi erantzunik ez ematea, zentzutasunari uko egitea eta squasharen behin betiko amaiera izango lirateke aldi berean», gehitu du.
Hilaren 12 eta 22an izango dute klubeko kirolariek hurrengo zita garrantzitsua. Eibarren, Euskal Herriko taldekako txapelketa jokatuko dute. Saiatuko dira ahalik eta garaipen gehien lortzen.