[Erreportajea] Bidaia bezain zama handi eta astuna
Afrikatik Europa iparralderako bidean diren migratzaileen egoera zaila bada, emakumeek pairatu behar izaten duten errealitatea gogorragoa dela berretsi du Irungo Harrera Sareak. 2018tik 1.000 emakume inguru artatu dituzte.
Uda honetan bi urte beteko dira herritarrek Irungo Harrera Sarea sortu zutenetik, Europa iparralderako bidean diren migratzaileei harrera egin eta babesa eskainiz. Ordutik, 15.000 lagun inguru artatu dituzte boluntarioek, horietatik 1.000tik gora emakume.
Migratzaileek bidaia luze bezain gogorra egiten badute, emakume migranteen egoera are eta latzagoa dela ozen oihukatu dute maiz sareko kideek, zeharo ezberdina. Mila bider salatu dute emakumeek bidaian jasan behar izaten dituzten gehiegikeri eta astakeriak. «Emakume izateagatik soilik gizonezkoek ordaintzen ez duten prezio bat ordaindu behar dute emakumeek, oso altua gainera», zehaztu du sareko kide Josune Mendigutxiak. Ordu asko pasatu ditu irundarrak emakume migratzaileekin eta hauek zama handia daramatela baieztatu du. Europara bakarrik heltzen direla dio, bikoterik gabe, baina haurdun gehienetan, edo alboan seme-alabak dituztelarik. Bidaide dituzten gizonezkoek ere emakumeek pairatutakoa oso gogorra dela baieztatzen dute, sarekoen arabera.
Bidaian jasan beharrekoa gogorra bada, hona heltzean ere zailtasun ugarirekin egiten dute topo emakume afrikarrek. «Irun azken geltokia da beraientzat, baina hemen ere arriskuan daude, bakarrik geratzen baitira kalean». Horren harira, urtarrilean gertatutakoa salatu nahi izan du Mendigutxiak. 23:00etan emakume bat kalean eta euripean uztea leporatu dio Gurutze Gorriari, Irungo bitartekoa erabiltzeko baldintzak betetzen ez zituelako. «Esplikazio bila joan nintzen eta ez zidaten ezer esan, gaua gurekin pasatu zuen», dio amorruz, sareko boluntarioak.
Hona heltzen diren lehen unetik haiekin harremana estutzea oso zaila dela aitortu du Mendigutxiak. «Ez dute ezer hitz egiten, ezer kontatzen», dio. Jarrera horiek emakumeek jasan dituzten mehatxuen ondorio direla argi dute sareko kideek. Gainera, egunetik egunera emakumeak desagertu egiten direla kontatu du. Gurutze Gorriaren bitartekoa erabili eta goizean goiz berriz ere bideari ekiten diote emakumeek, gizonezkoekin hori gutxitan gertatzen da. Bidasoa ibaia pasatzea da euren helburu bakarra, eta hau ere «modu oso berezian» egiten dutela dio Mendigutxiak, nola egiten duten esan nahi izan ez duen arren.
Eta behin muga pasata, bizitza prekario berri bati egin behar izan ohi diote aurre gehienek. Zaintza lanak, etxeko lanak, esplotazio sexuala… «Ez dakigu ziur non amaitzen duten, baina gehienek ez dute espero zutena aurkituko, ezta gutxiago ere».
Pasanteak Irunen
Migratzaile asko bidaia euren herrietan ordaintzen hasten direla azaldu du sareko kideak, bertako mafia handien menpe. Baina hemen ere, Irunen, migrazioarekin dirua ateratzen duten herritarrak badira. Diruaren truke Irun eta Hendaia arteko muga pasatzea eskaintzen diete migratzaileei. Muga pasatzeko zortea izan ez dutenekin topo egin dute maiz boluntarioek, eta egoera horien berri izan dute, haien amorrurako, «gehiegitan».