Azken eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur
Gizon bat atxilotu dute gaur, haren bikotea jipoitzeagatik. Eraso matxista salatzeko, elkarretaratzea antolatu du Bidasoko Asanblada Feministak.
Gizon bat atxilotu dute Irunen, indarkeria matxista egotzita. Emakume bat jipoitzea leporatzen diote haren bikoteari. Eraso matxista honen harira, elkarretaratzea deitu du Bidasoko Asanblada Feministak gaurko. 19:30ean, San Juan plazan bilduko dira.
«Irungo herritarrek zero tolerantzia erakutsi behar diete horrelako jarrerei, eta ez begiratu beste alde batera.
Gure maitasun eta babes osoa bidali nahi diogu erasotuari. Ez zaude bakarrik. Martxoaren 8an are arrazoi gehiagorekin aterako gara kaleetara, gure eskubideak norbaitek ukitzen baditu, aurrean izango gaituzuela ozen eta argi oihukatzeko», adierazi dute M8 Asanblada Feministako kideek.
Irungo Udaleko talde guztiek ere eraso matxista gaitzetsi dute, eta adierazpen bateratua kaleratu berri dute. Honakoa da, hitzez hitz, adostutako testua:
Gaur jakinarazi denez, gizon bat atxilotu dute, bikotekidea jipoitzeagatik, eta Irungo Udalak gertatutakoa gaitzesten du. Irungo Udalak erabat arbuiatzen ditu emakumeek jasaten dituzten nolanahiko eraso eta gehiegikeria guztiak, eta elkartasuna agertzen dio biktimari.
Irungo Udalak horrelako gertaeren kontrako beren arbuioa eta gaitzespena agertzen segitzera deitzen die herritar guztiei, eta emakumea salbatzeko esku hartu zuen pertsonak bete zuen funtsezko eginkizuna nabarmentzen eta eskertzen du.
Horregatik guztiagatik, zera egiten dute udal talde guztiek:
- Indarkeria dakarren ekintza oro arbuiatzen eta gaitzesten dute; kasu honetan, emakumeen kontrako indarkeria.
- Babesa eta elkartasuna adierazten diote emakumeari, eta haren eskura jartzen dituzte Gizarte Zerbitzuek dituzten laguntza baliabide eta zerbitzu guztiak.
- Gertatutakoa arbuiatzeko eta gaitzesteko elkarretaratzean parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Gaur arratsaldean izango da, 19:30etan, San Juan plazan, Berdintasun Batzordean parte hartzen duten erakunde guztiek eta Batzordean parte hartzen ez duten baina emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeek deituta.