[Galeria] Gaztetxea hustu du Ertzaintzak
Egiluz jauregia elizaren esku geratu da berriz ere. Egoera salatzeko elkarretaratzera deitu dituzte hondarribiarrak gaur 19:15ean, Gipuzkoa plazan.
Egiluz jauregia husteko agindua bete du Ertzaintzak. Lehen ordutik hartu dute ingurua ertzainek, eta espero baino denbora luzeago hartu dien arren, azkenean barrualdera sartzea lortu dute. Bertan zeuden bi gazteak aterarazi eta identifikatu dituzte, baita sostengua adierazten ari ziren beste hainbat lagun ere. Azkenean, elizaren eskuetara itzuli da Egiluz jauregia. Gaztetxeko kideek elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak gaur 19:15ean, Gipuzkoa plazan.
06:30ak inguru iritsi dira Ertzaintzaren lehen bi patruilak Juan Laborda kalera. Gaztetxeko atean aparkatu dituzte bi autoak eta hiruna agente atera dira bakoitzetik. Ertzainak bezain azkar agertzen hasi dira gazteak eta auzokideak, babesa erakutsi eta egoeraren berri ematen joateko prest. Orduak igaro ahala are zabalagoa izan da gazteei adierazitako sostengua adin guztietako herritarren eta zenbait ordezkari politikoen aldetik. Esaterako, bertan izan dira EH Bilduren eta Abotsanitzen zinegotziak egoera gertutik jarraituz. Bizilagunen oihua ere ozena eta argia izan da: «Auzoak gaztetxea behar du».
Ez da ezustekoa izan, ordea, Ertzaintza Egiluz jauregiaren atean bertaratzea, huste agindua gaur goizeko 10:00etan beteko zutela iragarrita baitzegoen. 08:00ak aldera iritsi dira errefortzuak, eta 09:30ak jo aurretik agente batek eraikineko atea jo du barruan zeuden gazteei ateratzeko eskatuz. Erantzun eza ikusita sarrailagileari deitu diote ertzainek, eta haren lana bukatuta, ia bi ordu hartu die agenteei barruan zeuden gazteengana iristea. Izan ere, barrualdera iritsi ahal izateko kanpoko atea eta kristalak hautsi dituzte ariete baten bitartez. Barrualdean zer egin ote duten soilik agenteek dakite inork ez baitu hurbiltzeko aukerarik izan.
«Injustizia»
Barruan zeuden bi gazteak kaleratu eta identifikatu ondoren aske utzi ditu Ertzaintzak. Isuna jasoko dutela ohartarazi die gazteei, eta Egiluz jauregian berriro sartuz gero atxilotuak izango direla gaineratu. Auzitegiko eta elizako ordezkarien txanda iritsi da orduan, eraikina ikuskatu eta ertzain batek azaldutakoaren arabera, «beharrak aztertzen» geratu dira bertan.
Atzo sartu ziren gaztetxeko bi kideak erresistentzia egitera eta onartu dutenez goizeko 02:00ak inguru arte prestatu dituzte barrikadak. Ez dute xehetasun gehiegirik eman nahi izan gai honen inguruan, baina lan dezente egin dutela aitortu dute, eta «sare sozialetan ikusi dugunez kristorena kostatu zaie sartzea». Erresistentziarekin «kontent» agertu arren, lortutako emaitzak ez ditu asebete.
«Injustizia» hitza erabili du Urko Iridoy gaztetxeko kideak gaur goizean bizitako egoera definitzeko: «Elizak nahi zuena lortu du, eraikin hau berreskuratzea, eta hamar mila aldiz esango dugu ez dutela eraikin hau ezagutzen, utzi dutela hamar urtez abandonatua. Auskalo zer egiten duten orain».
Iazko apirilean eraikina okupatu zutenetik balorazioa, ordea, positiboa dela erantsi nahi izan du gazteak, eta «aspaldian» Hondarribian garatu ez den proiektuak «kristoren» ekarpenak egin dituela nabarmendu du. Ildo horretan, ondokoa argi utzi du gazteak: «Hau ez da hemen bukatuko».
Balorazioak egiteko garaia da orain, eta hurrengo urratsak zein norabidetan egingo dituzten zehaztu beharko dute ondoren. Izan ere, denbora tarte honetan euren beharrak asetzea lortu duten arren, «behar horiek izaten jarraitzen dugu, eta nolabait bete beharko ditugu, ez?».
Udal gobernu taldeak momentura arte ez du gaiaren gaineko adierazpen publikorik egin.