Emaitzarik gabe amaitutzat eman dute Guadalupeko indusketa
Bigarren hipotesiaren arabera, kanposantutik gertu dagoen lurzoru pribatu batean egindako lanetan agertu ziren hezurrak, baina obra gelditu behar ez izateko zabortegira eraman zituzten.
Aranzadi zientzia elkarteak Hondarribiko Udalaren eskariz egindako indusketa lanak 1936ko gerran fusilatutako bost milizianoren gorpuak aurkitu gabe iritsi dira bukaerara, Abotsanitzen Udal Taldeak zabaldu duenez. Hiru egunez luzatu ziren iragan astean bilaketa lanak, sekretupean, udal gobernuaren informazio ofizialik gabe.
Emaitzak ikusita, hala eta guztiz ere, bigarren hipotesiak «indarra hartzen» du udal alderdiarentzat. Beste hipotesi horren arabera, fusilatutako bost herritarren gorpuak Guadalupeko gotorlekuan lurperatu beharrean, kanposantura lekualdatu zituzten.
Izan ere, udal taldeak ondokoa zabaldu du: «XXI. mendeko lehen hamarkadan kanposantu ondoko lurzoru pribatu batean lan batzuk egin ziren. Badirudi, lan horietan hainbat gorpuen hezurrak agertu zirela, eta obra geratu behar ez izateko, hezurrak hondakindegi batera bota zituztela». Informazioaren arabera, pertsona batek gertatutakoaren berri eman zuen, baina hezurrak zehazki nora bota zituzten adierazi gabe.