Bost fusilaturen gorpuak bilatzen jarraitzeko eskatu du PSE-EEk
Guadalupeko gotorlekuko indusketek emaitzarik eman ez duten arren, ikerketarekin aurrera egiteko eskatu du talde sozialistak.
Aranzadi zientzia elkarteko kideek iragan astean Guadalupeko gotorlekuan egindako indusketen harira, fusilatutako bost milizianoren bila jarraitzeko eskaria helarazi du Hondarribiko PSE-EEk. Momentura arte eraildako lagunen arrastorik aurkitu ez duten arren, «hipotesirik alboratu gabe» auzia ikertzen jarraitzeko eskatu du udal alderdiak.
Positiboki baloratu dituzte sozialistek orain arte egindako urratsak, «Hondarribiko memoria historikoa berreskuratzeko garrantzitsuak baitira». Ikerketa lan horiek 1936ko gerran Guadalupen gertatutakoa argitzen lagungarriak izan direla ere dio talde sozialistak . Izan ere, garaiko testigantzek, komunikabideek eta idatziek gorpuak gotorlekuaren inguruan daudela iragartzen dute, eta beraz, ingurua miatzea ezinbestekoa dela iritzi dio udal taldeak.
Aipatutako guztia medio, eta Arantzadi zientzia elkarteak dagokion txostena prestatu bitartean, ikertzen jarraitzeko eskatu du PSE-EEren Udal Taldeak.