1936ko gerra gerturatuko du Gure Moradak
'Hilotzak hobitik ateratzea, duintasunak berreskuratzen' izeneko erakusketa inauguratuko dute gaur. Errepresioaren ondorioz hobi komunetan bukatu zuten herritarrak gogoratu nahi dituzte.
Gaur inauguratuko du Gure Morada elkarte soziokulturalak Hilotzak hobitik ateratzea, duintasunak berreskuratzen izeneko erakusketa. 19:00etan izango da inaugurazioa, eta hilaren 15era bitarte (igandea) bisitatzeko aukera izango da.
Erakusketan, 1936ko gerrako errepresioaren ondorioz hobi komunetan bukatu zuten herritarren errealitatea jasotzen du erakusketak. 20 lan aurki daitezke erakusketan, lau bloke tematikotan banatuta: pertsonak, hilobitik ateratzea, laborategia eta omenaldia. Bakoitzak testu labur eta tamaina handiko irudiak jasoko ditu. Gainera, tamaina errealeko 11 metroko hobi bat erreproduzitzen duen olan handi bat izango dela jakinarazi dute.
Erakusketari lotuta, bestelako jarduerak ere eskainiko dituzte hilaren 15era bitarte. Lehenik, gaur bertan, Paco Etxebarria antropologo forentseak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan. Bestalde, larunbatean (hilak 7) Mertxe Trantxe historialariak ibilaldi historikoa egingo du. 1936ko gerrako orbain ezkutuak erakutsiko ditu, 17:00etatik aurrera.
Datorren astean, hilaren 10an (asteartea), Aiala Oronoz irundarraren A pico y pala liburuaren aurkezpena egingo dute, eta Nicolas Guerendiain talde errepublikanoaren jardunaz ariko dira gero. Amaitzeko, hilaren 12an (osteguna), Jon Hernandez historialariak 1936ko gerraren gaineko hitzaldia eskainiko du, 19:00etatik aurrera.