Eskualde osoa mobilizatu nahi du M8 Asanblada Feministak
Martxoaren 8an kaleak hartzera deitu dituzte herritarrak, hala ere, azken zertzeladak emateko bilera egingo dute datorren asteazkenean, Santiago auzo elkartean.
Martxoaren 8rako motorrak berotzen hasi dira Bidasoan ere, eta horren harira, M8 Asanblada Feministak egun berezi honen gaineko egitaraua aurkeztu du gaur goizean Moskun, Etxekoandre eskulturaren aurrean. Eskualde osoa mobilizatu nahi du taldeak, eta Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo herritarrak kaleak hartzera deitu dituzte horretarako.
Horren aurretik hala ere, martxoaren 8ko egitarauari azken zertzeladak emateko bilera bat egingo du mugimendu feministak datorren asteazkenean, hilak 4, Santiago auzo elkartean (17:00). Bidasoko emakumeak batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte denen artean eguna osatzeko jarduerak eta manifestazioak egingo dituen geldialdiak antolatzeko asmoarekin. Geldialdi horietan aldarrikapen ezberdinak txertatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, tartean pentsiodunenak, zaintzaileenak, kirolarienak… Momentuz hala ere, ez dute argibide gehiagorik eman nahi izan eta sare sozialen zein komunikabideen bidez joango direla horren berri ematen zehaztu dute.
Martxoak 8 egitaraua:
- 11:30ean. Manifestazioa Santiago zubiko Hendaiako aldetik, okindegia eta aparkalekua dagoen lekutik hain zuzen. Handik Iparralde etorbidera abiatuko dira manifestariak , Colon pasealekua zeharkatu eta Hondarribira abiatuz. Zumardira iristean Arma plazara igo eta Portura joango dira parte hartzaileak. Manifestuaren irakurketarekin amaituko da manifestazioa Arrantzale auzoan.
- 13:40ean. Manifestazioa amaituta, Arma plazarantz abiatuko dira berriz ere manifestariak, oraingoan ordea, kalejiran.
- 14:00etan. Tuper bazkaria Arma plazan bertsolariek eta Uikan dantza taldeak girotutako otorduan. Azken talde horrek gainera, falshmoba egingo du bertan.
- 18:00etan. Donostiako manifestazioan parte hartzera deitu du Bidasoko asanblada feministak.