Irungo EH Bilduk "euskarak merezi duen tokia" eman diezaiola eskatu dio udal gobernuari
Hurrengo astean egingo dute 2018-2022 epealdiko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aztertzeko udalbatarra hirian. EH Bilduk proposamenak egin ditu.
Irungo udal gobernuari eskaera zuzena egin dio gaur EH Bilduk: “Udal gobernuari eskatzen diogu euskarari merezi duen lekua eman diezaiola”. Izan ere, datorren asteko udalbatzarrean Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aztertuko dute, 2018-2022 epealdikoa. Koalizioak esan du planaren onarpena ez duela oztopatuko, “baina erritmoak azkartu behar dira, azeleradorea zapaltzeko unea da”. Aldi berean, udalak Euskararen Hilabetea abian jarri duela baliatuz egin ditu adierazpenok EH Bilduk.
Jokin Melidak eta Ane Unanuek gaur esan dituzte agerraldian horiek guztiak, eta gehiago. Azaldu dute, urteak daramatzatela euskararen mesederako proposamenak aurkezten, eta horren harira, adierazi dute euskara normalizatzeko plan berria landu nahi dutela, parte hartze prozesu baten bitartez eta eragileekin elkarlanean: “Normalizazio plan osatu eta sakona egin nahi dugu, euskarari merezi duen tratu duina emateko. EH Bildu buru-belarri jarriko da honetan”.
Koaliziokideek euskarari ematen dioten garrantzia nabarmentzeko adibideak planteatu dituzte prentsaren aurrean, eta hizkuntzaren erabilera, gazteei zuzendutako jarduerak, hizkuntza paisaiaren hobekuntza, edo euskarazko hedabideei diru laguntzak igotzeko proposamenak aipatu dituzte horien artean. Eta atzera begiratzeko tartea izan dute: 2016ko aurrekontuetarako euskara doan ikasteko partida gorde zedila eskatu zuten, “ez zen aurrera atera PSE-EEk, EAJk eta PPk kontra bozkatu baitzuten. Hala ere, saiakerak gerora emaitza eman zuen: Irun izan zen euskara ikasteko diru laguntzen %100 beregain hartu zuen lehenengoetariko udala”.
Euskararen aldeko jarrera badagoela uste du EH Bilduk, hala ere, inboluzio arriskuez mintzo dira: “Arrisku horri aurre egiteko biderik eraginkorrenak dira erakundeek aurrera pausoak ematen jarraitzea, eta guztiok euskaraz gehiago hitz egitea. Hori izan da aspalditik gure taldearen lehentasuna. Horregatik, udalbatzarretan nagusiki euskaraz aritzen gara; gainontzeko taldeei gonbita luzatu nahi diegu gure hizkuntza gehiago erabil dezaten”.
Bestalde, udalaren egituran Euskara alorrak ere zeharkako egitura izan dezala planteatu dute, Berdintasun eta Gazteria saielek bezala. Datorren asteko plenoan gai horri buruz hitz egin nahi dute ere bai.